Bilboko blues jaialdiaren lehen edizioa gaur abiatuko da
Bilbao Blues Festival jaialdiaren lehen edizioan nazioarteko artistek hartuko dute parte igandera bitarte Areatzako eta Guggenheim Bilbao Museoko espazioetan: Bob Stroger eta Chicago All Stars, Ronnie Baker Brooks, Dana Fuchs, Shemekia Copeland, Fantastic Negrito, Wax & Boogie feat Drew Davies, Noa & The Hell Drinkers, Flamingo Tours, Blues Triumvirate, Micky & The Buzz, Alejo Stivel eta Bilboko Travellin’ Brothers banda. Fito eta Mikel Erentxun igandeko Travellin’ Brothers bandaren kontzertuan gonbidatu izango direla iragarri dute, eta hainbat abesti joko dituzte biek.
Bestelako jarduerak ere antolatu dituzte. Haurrentzako kontzertu pedagogikoa eskainiko da doan Guggenheim museoaren auditoriumean, Diablues ta Bluezifer bikotearekin, Nagore Sanz kontrabaxu-jotzailearekin eta Oihan Vega aurkezlearekin batera.
Museoan emakumearen eta blues generoaren inguruko hitzaldia ere izango da Divak eta borrokalariak: Emakumeak blues generoaren historian izenburupean. Manuel Lopez Poy kazetari eta idazlea izango da hizlaria, musika afro-amerikarrarekin eta blues generoen inguruko zenbait libururen egilea eta Bartzelonako Societat de Blues-ek argitaratzen duen urtekariaren zuzendaria. Gainera, Kataluniako Miriam Aparicio pianistak ere joko du. Hitzaldian blues generoko dama handien bizitzari eta lanari lotutako irudiak eta gertaerak proiektatuko dira, eta emakume afro amerikarrak ere omenduko dituzte argazkien bitartez.
Bestalde, Bob Stroger (Estatu Batuak, 1939) blues generoaren legenda, baxu- jotzaile eta abeslariak Bilbao Blues Festival Sariaren txapela jasoko du bihar. XX. mendeko bigarren erdialdeko talderik garrantzitsuenetako kide izan zen Stroger: Ottis Rush, Jimmy Rogers, Sunnyland Slim, Willie Mabon, Snooky Pryor, Eddie Taylor, Pinetop Perkins… 90eko hamarkadan bere taldea zuzentzen hasi zen, eta mundu osoan kontzertuak eman zituen.

