Bilboko Azkuna Zentroak komikigintzaren inguruko nazioarteko egoitzarako deialdia egin du
Bilboko Azkuna Zentroak komikigintzaren nazioarteko egoitzaren deialdi berria egin du. Egoitza gurutzatua izango da, eta hiru komikigilek hartuko dute parte Angoulêmen, Bilbon eta Quebecen egingo den proiektu honetan. Hauek izango dira egoitzen hiru zentroak: Maison de la Littérature de Québec, Angoulêmeko la Cité Internationale de la Bande Dessinée et de l’Image, eta Azkuna Zentroa.
Frantziako egoiliar bat, Espainiako Estatuko bat eta Kanadako bat hautatuko dituzte. Hilabeteko egonaldiak izango dira toki bakoitzean: Angoulêmen, urtarrilaren 20tik otsailaren 20ra; Bilbon, otsailaren 20tik martxoaren 24ra, eta Québec-en, martxoaren 25etik apirilaren 25era.
Irailaren 11n itxiko da deialdia eta egoitza eskatzeko, hautagaiak gutxienez bi urteko praktika artistikoa izan behar du. Angulemako Cité Internationale de la Bande Dessinée-ra, Bilboko Azkuna Zentrora edo Quebec-eko Maison de la Littérature-ra bidali behar da eskaera, jatorrizko edo bizi diren lurraldearen arabera. Erakunde bakoitzak hiru proiektu hautatuko ditu, aurkeztutakoen artean. Azken aukeraketa hiru erakundeek egingo dute, eta hiru irabazleak batera hautatuko dituzte. Deialdiaren ebazpena urriaren 1etik aurrera jakinaraziko da.
Eskaerak honako hauek jaso beharko ditu pdf artxibo bakarrean: egilearen biografia, non norberaren bibliografía, egoitza esperientziak eta sorkuntzak adierazten diren; hautagaiaren lan artistikoaren laburpen erakusgarria eta proiektu honetarako motibazioaren aurkezpena.
Aukeratutako pertsonek hiri bakoitzean ostatua eta partekatutako lan-tailerra jasoko dute, eta baita 4.500 euro edo 6.000 dolar gordin ere, egoitzaren iraupena estaltzeko. Hiri desberdinen arteko joan-etorrien gastuak ere barne hartuko ditu.
Iaz, Andrea Ganuza (Azkuna Zentroa), Clara Chotil (Angoûleme) eta Charlotte Gosselin (Quebec) izan ziren hautatuak. 2021ean, berriz, Higinia Garay (Azkuna Zentroa), Marine des Mazery (Angoûleme), eta Jimmy Beaulieuk (Quebec).

