Bilboko Aste Nagusia, inoiz baino indartsuago

Bilboko Aste Nagusia, inoiz baino indartsuago https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bilboko-aste-nagusia-inoiz-baino-indartsuago/@@download/image/2012817736bilboko_konpartsak_kartela.jpg
2012/12/13
berria
Aurtengoan abuztuaren 18tik 26ra bitarte ospatuko dute Bilboko Aste Nagusia. Bederatzi egunez festa giroak ez du etenik izango, eta Bilboko Konpartsek ere beren onena emango dute hurbiltzen den ororekin jaiaz gozatzeko. Larunbatean Arriaga plazatik jaurtiko dute txupina, 19:00etan, eta Marijaiari etorrera egingo diote ehunka lagunek. Txosnak irekitzearekin batera festan murgilduko da Bilbo.

Iruñea, Baiona, Gasteiz eta Donostiako festen ondoren iristen dira Bilbokoak. Azkenak izan arren, ez dira eskasenak, inondik ere: aste osoan zehar 300 jarduera baino gehiago antolatuko dituzte, denak dohainik, bilbotarrek, bizkaitarrek eta bertaratzen diren guztiek primeran pasa dezaten.

Bilboko Konpartsek ikaragarrizko lana egin dute beste behin ere, eta beren gunea hedatu dute dagoeneko Areatzako eremuan. 27 konpartsa dira orotara, bakoitzak bere txosna duelarik, eta larunbatetik hasita sukaldaritza lehiaketak, musika kontzertuak, haurrentzako jokoak, era guztietako kirol txapelketak, elikagai dastaketak eta abar prestatu dituzte.

Hainbat gune banatu dituzte Konpartsen eremuan, eta horietako bakoitzean eszenatokiak jarrita, kontzertu sorta amaigabea eskainiko dute iluntzetan. Larunbatean bertan Manolo Cabezabolo y los que no dan pie con bola taldea taularatuko da, eta Dj Bull, Ze Esatek!, Anje Duhalde, Norte Apache + Piratas's Sound Sistem edota Itziarren Semeak izango dira entzungai.

Azkuna, ordaindu ronda hau lelopean, ongi pasatzeko aukerarik ez da faltako aste osoan zehar. Animatu Marijaiarekin batera!

Eta gainera…


Aurtengoan antzerkia nagusituko da Bilboko Aste Nagusian. Euskal Herriko eta atzerriko antzerki konpainia ugarik beren lanak aurkeztuko dituzte Arriaga eta Gas plazetan, hala nola, Teatro Salitrek, Circo Claxonek, Trapu Zaharrak eta Alabazan konpainiak.