Bilboko Aste Nagusia inklusiboagoa izateko neurriak hartuko dituzte

Bilboko Aste Nagusia inklusiboagoa izateko neurriak hartuko dituzte Zeinu-interpretazioa izango da pregoian, jaien aplikazioa braillen, eta autistentzako soinu-inpakturik gabeko tarteak izango dira barraketan, besteak beste. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bilboko-aste-nagusia-inklusiboagoa-izateko-neurriak-hartuko-dituzte/@@download/image/marijaia.jpg
2022/08/12

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Zeinu-interpretazioa izango da pregoian, jaien aplikazioa braillen, eta autistentzako soinu-inpakturik gabeko tarteak izango dira barraketan, besteak beste.
Bilboko Aste Nagusia inklusiboagoa izateko neurriak hartuko dituzte

Hiritarrek jaiez gozatzeko aukera handiagoa izan dezaten, dibertsitate funtzionala duten pertsonak Bilboko Aste Nagusirako programatutako jardueretan parte hartzeko zenbait neurri hartuko dira, "Gozatu itzazu zeuk" ere lelopean. 

Hasteko, Txikiguneak Txu-Txu Tren egokitua izango du eta dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako lehentasunezko lekuak erreserbatuko dira Abandoibarrako kontzertuetan, Gizakundearen elizan, Europa Parkean eta, lehen aldiz, Balearen Desfilean.  Egokitutako komunak ere egongo dira jaigunean.

Bestetik, Etxebarria parkeko ferialekuan soinu-inpakturik gabeko ordu-tarteak ezarriko dira, autismoa duten pertsonek ere barrakez gozatu ahal izan dezaten. Hala, hilaren 21ean, 24an eta 26an (17:00etatik 20:00etara), barrakak musika eta bestelako soinu zaratatsurik gabe ibiliko dira.

Zeinu-hizkuntzako interprete bat ere izango da Arriaga Antzokiko agurrean eta pregoian, abuztuaren 21, 24, 25, 26 eta 28an Pergolako eszenatokian, umeentzako antzerki-ikuskizunetan, eta 23, 25, 26 eta 28an Gas Plazako Kale Antzokian.

Hiriko gune estrategikoetan braillez idatzitako jaietako egitarauak ipiniko dituzte. Bilbao Turismoko bulegoetan, ONCEren egoitzan, Burtsako Udaltegian, Txikiguneko informazio gunean eta Abandoko Udaltegian egongo dira eskuragarri. Gainera, jaietako  aplikazioa bera eta bertako egitarau digitala irakurketa errazerako egokitu dira, argi eta labur idatzita, eta irudien laguntzaz.

Azkenik, ikusmen urriko pertsonentzat Marijaiaren eskala txikiko irudia izango da Txikigunean. Gargantua arrapala batekin egokituko da mugikortasun murriztua duten umeentzat. Bestalde, Txikigunean egiten diren jarduera guztiak pertsona guztiek parte hartzeko diseinatu dituztela jakinarazi du udalak, eta begirale espezializatuak ere izango direla.