Bilboko 'Artistak egoitzan' programak proiektu eszenikoak lagunduko ditu
Bilboko Udalak, Baliabide Eszenikoen Zentroaren bidez, Artistak Egoitzan programaren hamabosgarren edizioaren deialdia egin du. BilbaoEszenak sei arte-proiektu aukeratuko ditu gehienez, proposamen eszenikoak sortu, ikertu eta zabaltzeko.
Euskal Herriko artista eta konpainiek har dezakete parte eta bi laguntza mota izango dira: batetik, hasierako fasean dauden proiektuetarako 2.000 euroko laguntza eta, bestetik, garatzeko fasean dauden proiektuetarako, 4.000 euro.
Aurkeztu eta hautatutako proiektu artistikoaren arabera, gehienez ere hogeita bost eguneko egoitzak egingo dira hiriko eremu eszenikoetan, ahal izanez gero, uztailean, abuztuan, irailean eta urrian. Horretaz gain, sormen prozesuak publiko orokorraren edo sektore profesionalaren aurrean aurkezteko aukera ere izango dute.
Parte hartu nahi duten norbanako edo konpainia guztiek BAD jaialdiaren web orrian dagoen formularioa bete behar dute eta proiektuaren dosierra erantsi, pdf formatuan. Apirilaren 5era arte aurkez daitezke proposamenak.
