Bilboko Antzerki Arineko Jardunaldietan parte hartzeko epea zabalik
P6 Arte Eszenikoen Sortzaileen Elkarteak bultzatuta, Antzerki Arineko XI. jardunaldiak antolatu dituzte 2024ko martxoaren 29tik apirilaren 28ra bitartean, Bilbon. Horren aurretik, ordea, jardunaldietan parte hartzeko lehiaketa bat abiatu dute.
Lehiaketan parte hartzeko aurkeztu behar diren antzezlanek gehienez 15 eta gutxienez 10 minutuko iraupena izan beharko dute, testuak estreinatu gabeak eta jatorrizkoak, euskarazko edota gaztelaniazkoak, eta gutxienez bi antzezlek parte hartu beharko dute (ez dituzte bakarrizketak onartuko). Gaia librea da.
Horretaz gain, antolatzaileek nabarmendu dute antzezlanak areto txikietan antzezteko modukoak izan behar dutela eta ez dela audio ezta argiztapen sistemarik egongo. Argiztapena eta audioa, aretoak daukana izango da edota eszenografiako elementuek eskaintzen dutena (lanparek, linternek, mp3ek, sakelako telefonoek…).
Edizio honetarako hamar lan hautatuko dira, eta oraindik zehaztu gabe dagoen egutegi baten arabera, zenbait egunetan eta emanalditan zehar antzeztuko dira. Muntaia guztiek emanaldi kopuru bera izango dute. Cafe Bilbaok antolatutako Teatro Laburreko Sarien artean, muntaia horien barruan bat aukeratuko da.
Emanaldi bakoitzean bildutako diru-kopuruaren ehuneko 80a taldeentzat izango da.
Lehiaketan izena emateko epea otsailaren 2ra arte egongo da zabalik eta otsailaren 5ean iragarriko dituzte XI. Antzerki Arineko Jardunaldietarako aukeratutako piezak.
