Bilbo, zelan aldatu zaren!

Bilbo, zelan aldatu zaren! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bilbo-zelan-aldatu-zaren/@@download/image/1p20-1.jpg
2000/10/06
erreportajea
Gotzon Hermosilla
"Bilbao, cómo has cambiado" dio Bilboko kantuak eta egia da. Guggenheim ireki zenetik aldaketa handiak gertatu dira. Hona hemen horietako zenbait.

Turistak nonahi
Duela zenbait urte ezinezkoa zirudiena obratu du Guggenheim museoak: atzerritarrak erakartzea. Ingelesak, japoniarrak, estatubatuarrak, azpeitiarrak... leku guztietatik etortzen dira, Bilboko xarmak liluratuta. Ugarienak ingelesak dira: ferryan etortzen dira Santurtziraino, handik Bilbora autobusez eramaten dituzte eta gero hor ibiltzen dira, leku batetik bestera, museoa non dagoen galdezka. Kotxea ekartzen dutenak dira arriskutsuenak: ezkerreko bidetik gidatzen ohituta daudenez, sekulako txolopoteak sortzen dituzte autopistan. Bitxienak, dudarik gabe, japoniarrak: eraikin guztiei egiten diete argazkia. Eurei esker jabetu gara, esaterako, Corte Ingelesak edo Gobernu Militarreko garitek dituzten balio ukaezinez, orain arte gainerakoontzat oharkabean igaro direnak. Hori bai, den-denak Guggenheim ikusteko asmoz etorri dira, baina horietako askok Zazpi Kaleetan pintxoak eta poteak hartzen edo Kafe Antzokin kubatak edaten amaitzen dute. Kultura ulertzeko beste era bat, agian.

Komunikazioa Inkomunikazioa

Jakina, bisitarien uholdeari erantzun ahal izateko garraiobideak dezente hobetu behar izan dituzte gure agintari txit agurgarriek. Metroa aspaldi egin zuten (Getxo alderako linea, noski; Ezkerraldekook, beti bezala, itxaron beharko dugu) eta orain tranbia egitea otu zaie. Hemen ere San Frantziskon bezala gertatuko da: tranbia soilik turistek erabiliko duten bitxikeria izango da, eta bertako biztanleek kotxea erabiltzen segituko dute. Trafikoa murrizteko ahaleginak egiten ari da Udala, baina orain arte ez du arrakasta handirik izan; duela gutxi kotxerik gabeko eguna ospatu zen, eta bezperan "Egun bat nire kotxe gabe" zioen pankarta faroletatik kale erdira erori zen, bi orduko kotxe-ilarak sortuz. Esanguratsua oso.

Bisitari ospetsuak gurean

Guggenheim museoa zabaldu zenetik, asko dira Bilbora etortzen diren lagun ospetsuak, aurpegi ezagunak, kulturaren ikuspegitik, sekulako ekarpenak egitera datoztenak: toreatzaileak, ministroak, modeloak... Bestekarik ere badugu noski, duela gutxi gure artean izan zen Billy Bragg kantari interesgarria, esaterako, baina horiek Puppy ondoan argazkia egin eta hanka egiten dute.

Bilbo, kulturaren hiriburua

Guggenheim-i esker, munduko kulturaren hiriburu bilakatu zaigu gure Botxoa, donostiar gaixoak titulua eskuratzeko alferrikako ahalegina egiten ari diren arren, eta hori dela eta, izugarri suspertu da kultur giroa azken urteotan. Adibidez, gogora dezagun Mariah Carey kantariak bideoklip bat grabatu zuela Guggenheimen, eta mundu guztiak daki Carey musika abangoardista, ausart eta kalitatezkoaren sinonimo dela. Zine mundura, zazpigarren artera ere jauzi egin du  Bizkaiko hiriburuak, eta James Bond-en filme batean ere agertu ziren Bilboko irudiak: oso filme sakona, zirraragarria, gizakiaren arimaren emozio eta sentimendurik behinenak agerian jartzen zituena. Artelan bat, hitz gutxitan esanda. Kultur susperraldi orokor horretan koka dezakegu Santurtziko Udalaren egitasmo berria, zezenplaza bat eraikitzea. Lehen esan dugun bezala, turista askok Santurtzi dute lehenengo helmuga Bilbora abiatu aurretik, eta zer hoberik gure kulturaren ezaugarririk politena den zezenketa eskaintzea baino? Nazio eraikuntzak baditu milaka aurpegi.

... baina Athletic ez da UEFArako sailkatu

Bilbo izugarri aldatu da, baina gauza batzuk ez dira inoiz aldatzen.