Bilbao Surf Film Festival hasiko da gaur
Surf zinema Bizkaira itzuliko da egunotan, Laboral Kutxa Bilbao Surf Film Festivalen bidez. Jaialdiak bi egoitzatan egingo ditu ekintzak; alde batetik, Getxoko Muxikebarri zentroak inauguratuko du jaialdia gaur, eta, bestetik, Bilboko Itsasmuseoa izango da egoitza bihartik igandera.
Gaur inauguratuko da jaialdia Getxoko Muxikebarri zentroan, eta bertan bilduko dira filmetako eta jaialdiko erakusketa eta jardueretako zuzendari eta surflari protagonistak. Inaugurazio ekitaldian Euskal Herriko sei film labur estreinatuko dira: Mikel Abasoloren Nemesis; Igor Bellidoren hiru pelikula, Arcade, Wiseman eta Marea Viva, María Martínez, Yago Domínguez eta Iker Trigueros surflariei buruzkoak; Jon Aspururen Teahupoo; eta Javi Goyaren Oreka, Xabier Lopez protagonista duena. Australiako film luze bat ere izango da, Facing Monster.
Bilboko Itsasmuseoan, berriz, surf zinemaren erakusketa zabala egingo da bihartik igandera. Hogeita sei film europar, bost amerikar, bost australiar eta bi afrikar lehiatuko dira sei sarietako bat eskuratzeko. Guztira hogeita hemezortzi film, bederatzi film gonbidatu eta hamabost estreinaldi izango dira. Horien artean nabarmentzekoak dira honako hauek: Girls Can ‘t Surf film luze australiarra, 80ko hamarkadan surfean emakumearen irudia nola erabiltzen zen erakusten duena; Julie Gomez kataluniarraren 265 días sin olas; eta Humanity Stoked amerikarra, skater batentzat surfak duen sendatzeko ahalmena kontatzen duena.
Proiekzioen ondoren, larunbatean, banatuko dira aurtengo sariak: Film Onena, Film Labur Onena, Tokiko Film Onena, Film Action Sports Onena, Publikoaren eta Epaimahaiaren sariak, eta baita La Salve argazki lehiaketaren eta BSF Online Surf Txapelketaren sariak ere.
Saioetarako sarrerak festibalaren egoitzetan eta jaialdiaren webgunean eros daitezke. Gainera, pelikula batzuk Filmin bidez ikusi ahal izango dira.
Jarduera berriak Itsasmuseoan
Pelikulen emanaldiez gain, surfari lotutako jarduera osagarriak ere izango dira, bai museoaren barrualdean eta baita kanpoko zabalgunean ere.
Doako bi erakusketa bisita daitezke, Jorge Lopez de Guerenu artista eta surflariaren artea eta surfa uztartzen dituen erakusketa, eta #LaSalve2023 surf argazki lehiaketan parte hartuko duten piezez osatutakoa.
Bestetik, Ana Urrutiaren yoga tailerra eta Dryfingen neoprenozko jantzietarako zerbitzu berritzailea ere izango da. Surf egokituari buruzko mahai-ingurua eta taula jasangarriei zein ingurumen-sentsibilizazioari buruzko bi topaketa ere egingo dituzte.
Bestalde, itsasmuseoaren zabalgunean surf egokituaren bidez ikusaraztearen eta gizarteratzearen aldeko martxa solidarioa egingo da, oinez, paddle surfean eta patinetan, Guggenheim Museotik Itsasmuseoraino. Beste hainbat jarduera ere izango dira, hala nola 5 UK Skatepark-en erakustaldiak, 16 urtez azpiko Mini Ramp Assault kategoriako skate txapelketaren Open-a, paddle surfa, taula hegalariak, uretako bizikletak, piraguak eta kayak.
Gainera, bihar, Adam Giles Levys britainiarrak eta Holy Rippers bertako rock taldeak doako kontzertuak emango dituzte eta Mario Azurza DJaren saioa ere izango da.

