Bilbao Seriesland websailen jaialdia martxan da

Bilbao Seriesland websailen jaialdia martxan da Lehenengo aldiz euskaraz ekoitzitako ekoizpena izango da sekzio ofizialean, Daniel|A|. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bilbao-seriesland-websailen-jaialdia-martxan-da/@@download/image/SERIESLAND.png
2022/10/17

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Lehenengo aldiz euskaraz ekoitzitako ekoizpena izango da sekzio ofizialean, Daniel|A|.
Bilbao Seriesland websailen jaialdia martxan da

Ostiralean abiatu zen Bilbao Seriesland ekimenaren zortzigarren edizioa. Lau kontinentetako 26 herrialdetako 85 websail proiektatuko dira Bilborock aretoan, urriaren 22ra bitarte. Sailkatutako ekoizpenen erdia emakumeek sortutakoa, zuzendua edo ekoitzia izango da gainera. 

Bestetik, lehen aldiz, euskaraz grabatutako ekoizpena hautatu dute sekzio ofizialean lehiatzeko, hamar minutuko sei atal dituen Daniel|A| websaila hain zuzen ere. Nora Alberdik zuzendu du, eta genero-identitatea eta norberak bere burua onartzeko premia ditu gaitzat. 

Proiekzioez gain, bestelako jarduerak ere badira. Esate baterako, Xpress txapelketa antolatu dute, ikus-entzunezko graduetako ikasleei zuzendua. Parte-hartzaileek Bilbo eta Bizkaiko beste leku batzuetan grabatuko den ustezko websail baterako trailer bat grabatuko dute.

Bestalde, mahai-inguruak eta hitzaldiak ere badira. Urriaren 20an, osteguna, 20 urteko Valeria Shashenok tiktoker ukraniarra izango da. Shashenok biral egin ditu bonbardaketetatik babesteko soto batean familiarekin giltzapetuta pasatako 17 egunetan tonu satiriko eta umoretsuan grabatutako bideoak. 

Larunbatetik aurrera, berriz, metabertsoa eta errealitate birtualaren inguruko stand bat jarriko dute Areatzan, herritarrek bertatik bertara ezagutu eta esperimentatu ahal izateko. 

Bi gala 
Biharko Bilborockeko galan lau lan estreinatuko dituzte: Ene, zelako gaua!; Sorgina; Her name is nobody eta Superjodidos. Azken honek Lander Otaola, Ylenia Baglietto eta Andoni Agirregomezkorta ditu aktore. Ostiralean, berriz, amaiera-gala egingo dute Guggenheim museoan, eta sariak banatuko dituzte.