Bilbao Basque Fest ospatuko da egunotan 200 jarduera baino gehiagorekin

Bilbao basque FEST hartuko du Bizkaiko hiriburuak egunotan, eta 200 jardueratik gora antolatuko dira hogeita hamar espazio baino gehiagotan. Hainbat alorretako ekintzak izango dira zortzigarren edizio honetan: gastronomia, musika, zinema, kirola, merkatua... 300 artista baino gehiagok hartuko dute parte eta jatetxeek, tabernek, goxo-dendek eta saltoki espezializatuek ere izango dute lekua.
Hainbat berritasun izango direla iragarri du Bilboko Udalak. Horietako bat izango da Txomin, Txirenea pertsonaia. Jaialdiko enbaxadorea izango da, txantxak gustuko dituen pertsonaia ahoberoa, eta jarduera ugaritan hartuko du parte. Pertsonaiarekin topatzen diren guztiek argazki bat egin ahal izango dute berarekin, eta sare sozialetara igo #BilbaoBasqueFest traolarekin.
Minimalarte poesia-errezitala ere egingo dute Txani Rodriguezekin eta Dana kubatarraren musikarekin. Casilda Iturrizar parkean, berriz, Eskape Park-a egongo da, adin guztietako pertsonentzako abentura. Horren bitartez, Bilboko Zabalgunearen eta bilbotar ospetsu batzuen historia emango da ezagutzera; Casilda Iturrizar andrea, Ramon Bastida edo Boni barkilleroa, esaterako.
Larunbat gauean, Euskal Sustrai Gaua proiektuaren txanda iritsiko da, dantza, herri-kirolak eta musika bateratuko dituena. Ikuskizunean 700 pertsona bilduko dira agertokian.
Artzain-txakurrekin antolatzen den hiri barruko lehenengo txapelketa ere egingo da Etxebarria Parkean. 30 bat ardiko artaldea, 6 artzain eta arraza libreko beren txakurrek gaitasun-probak egingo dituzte.
Bestelako hainbat jarduera ere izango dira: Deabru Beltzak taldearen musika eta piroteknia ikuskizuna, Demode Quartet, Aire ahizpak, euskal gastronomia dastatzeko Areatzako Txoko Gourmet, umorezko ikuskizunak, herri kirolak, DJ-ak, malabarismo eta akrobazia tailerrak, magia ikuskizunak, kontzertu didaktikoak, film laburrak, kalejira eta erromeriak, euskal dantza tradizionalak...
Programa osoa hemen dago kontsultagai.