Bilatu eta aurkitu

Bilatu eta aurkitu https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bilatu-eta-aurkitu/@@download/image/76p14sare1_1363950003.jpg
2007/07/06
erreportajea
Gorka Julio
Bilatu eta aurkitu
Interneten informazio ugari dago, eta zerbait bilatu nahi izanez gero, bilatzaileetara jotzen dugu. Batzuetan, ordea, zaila izaten da benetan guk behar duguna topatzea. Gaur bilatzaileen tripetan sartuko gara, eta bilaketak hobeto egiteko gomendioak emango dizkizuegu.

Bilaketa terminoak doitu
Bilatu nahi duzuna ondo zehaztu behar duzu; termino orokorrak erabiltzeak askotan informazio ugari ekartzen du, baina ez, ordea, zehatz-mehatz nahi dugun hori. Termino bat baino gehiago erabilita, emaitza onak lor ditzakegu. Adibidez, Anoeta herriari buruz zerbait bilatu nahi bagenu, eta Anoeta besterik ez bagenu jarriko, Donostiako futbol estadioari buruzko informazio asko jasoko genuke eta gu bilatzen ari garena galduta geratuko litzateke; ez litzateke gauza bera gertatuko, berriz, Anoeta herria erabiliko bagenu.

Esaldi zehatzak bilatu

Bilatzaile gehienek aukera hau ematen dute: bilatu nahi ditugun termino zehatzak kakotx artean jarri behar dira. Hartara, termino horiek lotuta bilatuko dizkigu, horrela ez dituzten webguneak alde batera utzita. Kakotxak erabiltzen ez baditugu, bilatzaileek ulertuko dute gure terminoen artean eta (AND) hitza dagoela; beraz, aurreko adibidearen ildotik, Anoeta herria jarriz gero —kakotxik gabe—, Anoeta eta herria hitzak elkarri lotuta edo lotu gabe dituzten webgune guzti-guztiak bilatuko dizkigu. Aldiz, "Anoeta herria" jarriz gero, bi termino horiek lotuta dituzten webguneak besterik ez dizkigu bilatuko.  

Bilaketa aurreratua erabili

Bilatzaile guztiek izaten dute bilaketa aurreratua, nahiz eta gutxitan erabiltzen dugun. Bilaketa honen bidez, termino batzuk bai eta beste batzuk ez bilatzea erabaki dezakegu; baita data jakin batetik aurrerako mezuak edo, kasu batzuetan, hizkuntza jakin batean idatzitako mezuak ere. Normalean bilaketa kutxaren ondoan izan ohi den lotura batek eramaten gaitu bilaketa aurreratura.

Bilatzaileen parametro aurreratuak erabili

Bilaketa aurreratuak aukera batzuk eskaintzen dituen arren, badira hortik kanpora gelditu ohi diren parametro interesgarriak. Googleko parametroak hartuko ditugu, adibidez.

· filetype: Fitxategi mota jakin bat bilatzeko. Adibidez, filetype: pdf, pdf fitxategiak aurkitzeko

· allintitle, allintext, allinurl: Bilaketa webgune baten atal jakin batera mugatzeko balio du; izenburura, testura edo helbidera, hurrenez hurren. Adibidez, allintitle:gazte, izenburuan gazte hitza duten webguneak aurkitzeko.

· link: Webgune batekin lotura egiten duten webguneak aurkitzeko balio du. Adibidez, link: www.gaztezulo.com.

· site: Webgune batean bilaketak egiteko balio du. Adibidez, site: www.gaztezulo.com erabilita, gaztezulo.com webgunean besterik ez genuke bilatuko

Informazio gehiago hemen lor daiteke http://blog.outer-court.com/archive/2005-09-29-n85.html

Bilatzaile berezietan eta foroetan bilatu

Gai jakin baten inguruan sortutako bilatzaileak ere badira. Beraz, egokiagoak izan daitezke bilatzaile orokorrak baino, gai horri buruz zerbait bilatzeko. Blogetako mezuetan bilatzeko, adibidez, Technorati (www.technorati.com) interesgarria izan daiteke; baliabide zientifiko edo akademikoak topatzeko, Google Scholar (http://scholar.google.com); filmeei buruzko informazioa jasotzeko, IMDb http://imdb.com); podcast-ak aurkitzeko, Yahoo Podcast (http://podcast.yahoo.com); informazio entziklopedikoa topatzeko, Wikipedia bera (http://eu.wikipedia.org) …

Beste hizkuntza batzuekin probatu

Gure hizkuntzan ezer aurkitzen ez badugu, bi aukera ditugu: eduki hori guk sortzea —ez da aukera txarra, mesedegarri izango baita denontzat— ala beste hizkuntza batekin saiatzea. Hori, gainera, gero eta errazagoa izango da Google Translatorren bilatzailearekin eta antzekoekin —bilaketa termino bat sartu eta beste hizkuntzetan aurkitutako emaitzak ere bueltatzen baitizkizu—.

HARRITU GAITU


Txorien begiradapean
(http://blogs.alianzo.com/redessociales/2007/05/19/las-imaigenes-mais-curiosas-de-google-ma): Google maps eta antzeko aplikazioek mundua goitik begiratzeko aukera ematen dute. Jakina da goitik gauzak beste era batera ikusten direla. 

KATXONDOENA



Fikziozko Marketing Biral Euskalduna
(http://www.euskalipod.com): EHUko Publizitate ikasleek asmatutako irudizko produktua. Haren inguruan, publizitate kanpainak prestatu dituzte bideo dibertigarri eta erakargarri batzuekin.

INFORMAZIO BILA


Ostatu bila (http://www.hihostels.com): Webgune honetan mundu osoko aterpetxeak topatzeko eta informazioa bilatzeko aukera ematen dute. Informazioa eskuratzeaz gain, kasu batzuetan erreserba ere egin dezakezu aukeratutako aterpetxean.