Bikotekideak 'dry begging' egiten ote dizun jakiteko arrastoak

Bikotekideak 'dry begging' egiten ote dizun jakiteko arrastoak Iritzien arabera, joera hau bestearen aurrean zaurgarri agertzeko beldurragatik izan liteke, edo bestea manipulatzeko modu ankerra. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bikotekideak-dry-begging-egiten-ote-dizun-jakiteko-arrastoak/@@download/image/pexels-trinitykubassek-246367.jpg
2025/10/06
erreportajea

Testua: Maitane Legarreta

Iritzien arabera, joera hau bestearen aurrean zaurgarri agertzeko beldurragatik izan liteke, edo bestea manipulatzeko modu ankerra.
Bikotekideak 'dry begging' egiten ote dizun jakiteko arrastoak

Ziur asko sare sozialetan entzungo zenuen dry begging terminoa, baina agian ez duzu oso garbi ulertu zer adierazten duen. Pertsona batek behar edo nahi duena modu argian ez adieraztea izango litzateke, hau da, modu zuzenean eskatu gabe. 

"Erregu lehorra" dela esan genezake. Modu zuzenean eskatu beharrean ("Dirua utziko zenidake", "Arazo honekin lagunduko didazu?"), zeharkako bideak erabiltzen dira: "Hilabete honetako fakturak ordaintzerik banu..." edo "zer zaila den egoera honi bakarrik aurre egitea". Hala, erdi ezkutuan edo erdi estalirik egiten da eskaera, iruzkin edo kexa modura. 

Era berean, bikotekideetako bati ezinegona sortzen dion zerbait egon daiteke, eta orokorrean hitz egiteko hautua egin dezake, harekin eseri, egoera azaldu eta konponbideak bilatu beharrean.

Harreman pertsonaletan ez ezik, sare sozialetan ere gerta daiteke. Norbaitek telefono berri bat probatzeko gogoa adieraz dezake, eta batzuetan aipamen soil bat besterik ez den arren, kasu batzuetan norbaitek hura oparitzea izaten da ezkutuko asmoa. 

Besteekin harremanak izateko dugun moduaren erakusgarri izatez gain, gure segurtasun faltaren seinale ere bada, besteen aurrean zaurgarri agertzea saihesten dugula nabarmentzen baitu.

Gure zaurgarritasuna erakusteak lotsa ematen digu sarritan, eta ezezkoa emango diguten beldur izaten gara. Iradokitzean, aldiz, inork erantzuten ez badu, garrantzirik gabeko komentario modura har liteke. Dry begging-a egiten duenak diskretua eta independientea izan nahi du, baina, aldi berean, ingurukoengandik zerbait nahi du. Babes beharraren eta premian dagoela erakustearen beldurraren arteko jokoa da.

Zeharkako komunikazioren ariketa hau ez da beharbada kontu larria ohikoa ez bada, baina ohitura bihurtuz gero, harremanean eragin kaltegarria izan dezake. Izan ere, egoera jakinetan, manipulatzailea eta toxikoa ere izan daiteke, besteen emozioekin jolasten baita bestea gaizki senti dadin eta guk nahi duguna egin dezan. Gainera, bestea errudun senti daiteke, harengandik zer espero duen asmatzen ez badu. Gogoan izan komunikazioa eta gure beharrak argi adieraztea ezinbestekoa dela harreman osasuntsuak izate aldera.