Bikotekide bila…

Bikotekide bila… https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bikotekide-bila/@@download/image/2010711599super_single.jpg
2010/07/02
erreportajea
Testua: Nerea Sancho Psikologoa eta Sexologoa
Siglea izatea, bikotekiderik gabeko mutil edo neska izatea alegia, aukera bat da. Batzuek bikotekidearekin batera bizitzea edota poligamo izatea erabakitzen duten bezalaxe, beste batzuek nahiago izaten dute halako loturarik gabe bizi. Baliteke, baina, baten bat single izatearekin aspertzea eta bikotekiderik topatzen ez duelako kezkatuta egotea. Hori al da zure kasua? Neska- edo mutil-lagunik ez duzulako kexu al zara?   

Egoerari buelta eman nahi badiozu eta single izatetik bikotekide bat topatzeko baldintzak sortu nahi badituzu, aldatu beharreko lehenengo kontua zure predisposizioa edo jarrera da. Hona hemen zenbait aholku:

Loturak ez zaitzala ikaratu

Zure sentimenduak ukatzeak, gustatzen zaizun horrekin duzun harremana inporta ez zaizula adierazteak edota berezia denik ez onartzeak ez dizu lagunduko. Okerrago; neska edo mutil hori, gutxietsita, bere kabuz urrun daiteke.
Astebete baino luzeagorako diren proiektuei uko egiteko ohitura al duzu? Horrela jokatuz gero, baliteke beste horrek zurekin ez kontatzea edo zurekin harreman iraunkor bat abiatzearen ideia alboratzea ezinezkotzat jotzen duelako.
Aisialdirako denborarik ez duzula? Proiektu profesionaletan, ikasketetan edo beste edozein konpromisotan buru-belarri bazabiltza, ligatzeko astia murrizten ariko zara (gustatzen zaizun hori lankidea ez bada behintzat). Deskonektatu ordez lantokitik kanpo ere lanaz besterik ez badakizu hitz egiten, ingurukoak aspertu eta aldenduko dituzu, tartean, begiz jota duzun hori. Harreman berriak sortzeko, denbora behar da, eta sinpatia landu. Kapital sozialean inbertitu, azken batean.

Zer gehiago egin dezakezu?

Erreparatu zure janzkerari, irudiari. Zure burua erakargarri sentitzen baduzu, besteek ere halaxe ikusiko zaituzte eta. Utzi lotsak alde batera eta izan librea itxurari dagokionean ere!

Porrot sentimentalak denok izan ditugu, baita Brad Pitt-ek ere, baina iraganean utzi behar ditugu. Uda dator! Maitasuna zuretzat ere bada. Hasi zerotik. Bilatu leku berriak. Arriskatu ezetzak jasotzera. Dibertigarria izan daiteke edonorekin saiatzea entrenatzen joateko!

"Meetik" bezalako Internet bidezko sareak zuretzat eginak ez daudela pentsatu baldin baduzu orain arte, oker zabiltza. Sarea neskaz eta mutilez betetako taberna handi bat da eta oso dibertigarria izan daiteke. Aukera hau baztertzen baduzu, zure burua merkatutik at uzten ari zara!

Lagunekin edo ezagutu berri ditugun pertsona interesgarriekin kontaktu fisikoa eragin. Musukatu, heldu sorbaldatik agurtzerakoan… Hanka sartzeak onartu, ez egin beti soilik zuk nahi duzuna eta zure ahuleziak azaldu.

Ez aitzakiarik jarri eta izan ausarta. Ez kexatu gehiago eta jarri martxan. Denok gara erakargarriak. Zure zain ere badago norbait!