Bikoteen hilerriak

Bikoteen hilerriak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bikoteen-hilerriak/@@download/image/AmaiaA1.jpg
2008/09/05
erreportajea
Amaia Agirre


Paisaia urbanoari erreparatzen badiozue, laster konturatuko zarete zelai bat zegoen tokian auzune berri bat dagoela, mendixka bat zegoen tokian, etxebizitza-multzo berri bat dagoela. Bilbo izan da betidanik gure D.F., gure hiri handia, eta gainerakoak oraindik urrun bagaude ere, poliki-poliki ia herri bat izatetik hiri handi bat izatera hurbiltzen ari gara.

Iruñean, esaterako, beti esan dugu ordubete baino gutxiago kostatzen dela hiria oinez punta batetik bestera gurutzatzea. Baina, orain, nire zalantzak ditut. Hasteko, ez dakit non kokatu abiatzeko punta, ezta jomuga-punta ere. Izan ere, auzune berriak sortu dira gure inguruetan, udazkeneko onddoen gisa. Iruñean Mendillorri izenekoa izan zen aitzindaria, baina Mendillorriren atzetik etorri dira Buztintxuri, Artika Berri, Sarriguren...

Auzune berriak sortzen dizkigute gure inguru-an, etxebizitza faltaren aitzakiarekin. Eta Hamelingo flauta-jolearen soinua entzungo bagenu bezala, auzo berri horietara joaten gara bizitzera, gure etxe berriez goxatzera. Hasieran, normala denez, bizitza sozial gutxi ikusten dugu, baina urte batzuen bueltan, auzune bizia izango dela sinestarazten diogu gure buruari.

Baina gero, urte batzuen buelta horretan, ohartzen gara non bizi garen. Mendillorri, esaterako, Iruñeko ekialdean sortu zuten duela hogei urte inguru. Garai haietan esaten zutenez, urte batzuen bueltan Mendillorri auzo bizia izango zen,  Iruñeko promesa balitz bezala. Baina urteak igaro dira, eta promesa hark promesa izaten jarraitzen du. Mendillorriko bizitza soziala nimiñoa da, zenbait auzokide kontrakoa egiten saiatu badira ere.

Beraz, Mendillorriko adibideak adierazten digun bezalaxe, esan dezakegu auzune berri hauetan ez dela bizitza soziala sortzen. Zergatik? Nire ustez, horretarako diseinaturik daudelako hasiera-hasieratik.

Une batez pentsatzen baduzue, non daukate arazo gehien gure hiriburuetako alkateek? Gure auzoetan, ezta? Horregatik ez dute auzo gatazkatsu gehiago nahi, eta gatazka saihesteko, auzune berrien diseinua kontuan hartzen dute oso. Eta horrela, nolabait, auzune berriak bikoteen hilerriak bilakatzen dira. Hirigintza-matxinada baten beharrean gaude. Gure betiko auzoetan ezkutatzen delako hiriko gerriko-gorria, udalaren politika ustela estutu dezakeen gerriko-gorria.