Bikote krisiak

Bikote krisiak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bikote-krisiak/@@download/image/sexuak_150_1396512695.jpg
2014/04/07
erreportajea
Testua: Maider Jericó eta nerea sancho. Bitxigorria
Bikote harremanetan krisiak daudenean, ohikoa izaten da harremana gaiztotu aurreko egoerara bueltatzeko nahia. Hobe da, ordea, gertatutakotik ikasi eta harremanean aurrerapausoak ematea.


Bikote asko krisialdiren batetik igaro dira noizbait, desleialtasun bat tarteko dela, bietako bat urruneko lurralde batera bizitzera joan delako edota denbora bat bananduta egon ondoren berriz harremana hasi nahi izan dutelako, adibidez. Edozein kasutan, aldaketa horiek inflexio puntu izaten dira bikotearentzat. Sarritan, aurretik izandako harreman berbera berreskuratu nahi izaten dugu, baina kasu gehienetan hori ezinezkoa da, eta beraz, egoeraz baliatu gaitezke aldaketa horiek eraikigarriak izan daitezen.

Erresilientzia gaitasuna
Erresilientzia metalen ezaugarri fisiko bat da, eta puskatu gabe talkak jasateko duten gaitasunari egiten dio erreferentzia. Pertsonek ere gaitasun hori dugu; kasu honetan, erresilientzia une gogorretatik indartuta ateratzeko gaitasuna litzateke. Metalak tresna batean eraldatzen direnean sufritzen duten moduan, gure sufrimenduak ere garatzera eta eboluzionatzera garamatza. Bikote batean ere gauza bera gertatu daiteke. Harremanean zehar gainditu beharreko momentu gogorrekin topa gaitezke, baina gakoa ez da ahaztea, bikote harremana hobetzea baizik.

Askotan, gainditzea eta ahaztea nahastu egiten ditugu. Gure bizitzako gertaera garrantzitsu bat ahaztea erabakitzen badugu, seguruenik, konpondu gabeko gai bati lotutako sentimenduak erreprimituko ditugu. Hori ekiditeko, gertaera txarrak gure biografian integratu behar ditugu, eta horiek kudeatzen ikasi.

Harreman bat berreraikitzearen aldeko apustua eginez gero, kontuan hartu beharko dugu, harremana egoera egonkor batera bueltatu aurretik, seguruenik trantsizio fase batetik pasako garela. Beraz, ez da komeni krisialdia sortu zuen gertaera hori tabu bihurtzea, ezta arma gisa erabiltzea ere. Hiletak maite ditugun pertsonen heriotza gainditzeko garrantzitsuak diren bezala, erritualek gure bizitzan zehar garrantzizko papera jokatzen dute. Bikote krisialdien kasuan, harremana berritzeko eta garbitzeko funtzioa beteko dute.

Beraz, interesgarria izan daiteke harremanaren berritzea ospatzeko erritual bat egitea. Errituaren ezaugarriak bikote bakoitzak erabakiko ditu; konpromisoa adierazten duen edozein adierazpenek balio dezake. Hasteko, bakoitzak besteari egindako mina onartzea onuragarria izaten da. Alde bietatik mina eragin izanagatik balantza ez da orekatuta geratzen, eta horregatik, batak bestearen mina orbaintzen laguntzeko konpentsazio ekintzak egitea gomendagarria da. Horiek benetan eraginkorrak izateko sentituak izan behar dute, ez azalekoak. Neurria mina jasan duenak jarriko du, aprobetxatu gabe baina motz geratu gabe.

Behin hori eginda, adibidez, bien artean landare bat aukeratu eta zaintzea erabaki dezakete, harremana landuko dutela eta denbora eskainiko diotela adierazten duen konpromisoaren erakusgarri. Kaktusak ez dira gomendagarriak, arreta gutxi eskatzen dutelako eta oso esker onekoak direlako.

Harremana zaindu
Sarritan, errazagoa da bikotearen gauza onak kontuan hartu beharrean, gauza txarrekin geratzea. Horregatik, garrantzitsua da radar positiboa martxan jartzea eta gure bikotearengandik gustatzen zaizkigun gauzak azpimarratzea.

Behin egonkortasun egoera batera bueltatuta, ohikoa izaten da hasierako ilusioa galtzea eta detaileak alde batera uzten joatea, eta horrek harremana hondatu dezake. Beraz, garrantzitsua da erritualen urteurrenak ospatzea, harremana lantzea eta denbora eskaintzea, elkarrekin zaintzen ari garen landarea bezalaxe.

Orgasmus



Idazlea: Askoren artean (Txalaparta)

Norainokoa da misoginia euskal jendartean? Eta euskal literaturan? Honetan misoginiak Erasmus Belaunaldia izendura sortu zuen. Horrela deituek nahiago izan zuten Orgamus! aldarrikatu, izendura eta izenduraren azpikoa salatzeko. Eta orduan Orgasmus liburua sortu zen. Irakurtzekoa da horko hitzaurrea. Horrek bai. Horrek manifestu berrien indarra dakar. Emakumezkoen buruestimua eta autonomia aldarrikatzera dator. Hamaika idazle dira harribitxia den liburu honetan bildu direnak. Gogoangarria eta isildua. Zergatik ote? Edorta Jimenez.

‘Arlanda Express’ (Katixa Agirre)
Erritmoa trenak ezartzen du. Nire mugimenduak, aldiz, teutoiak zuzentzen ditu bere eserlekutik. Nire hankarteko umeldura, ordea –ziur naiz tapizeria txukun hau ere bustitzen ari naizela–, ezin du ezerk kontrolatu. Abiadura moteltzen ari dela esango nuke. Beso-euskarrietara tinko helduta, aldakaren mugimendu sotilekin jarraitzen dut. Basotik irten gara eta etxeak ikusten ditut, tarteka, han-hemenka, begiak erdi itxita ditudan arren. Nik aldaka mugimenduari eusten diot, igurtzika ari naiz berak markatzen didan erritmora.

Bitxigorriaren iradokizuna:
1. Poltsan eramateko eskuliburu bikaina, bidaia batean, autobusean, trenean edo terraza batean kafea hartzen duzun bitartean irakurtzeko aproposa.
2. Liburuari estalki bat jar iezaiozu, eta irakurri ipuin erotikoak ingurukoak jabetu gabe.
3. Leku publiko batean fantaseatzeak ematen duen morboaz disfrutatu. Gainera, inguruko pertsonak istorioaren pertsonaia gisa identifikatzera jolas dezakezu.