Bikote bizitza koarentenan

Orain arte zure bikotearekin pisua partekatu baduzu eta ez bada arazo berezirik egon ez du esan nahi orain egongo ez direnik. Lehen bakoitza lanera joaten zen edo bere zereginetara eta norberak bere espazioa zuen. Oporretan ere, elkarrekin plan ugari burutzen zenituzten eta nahiz eta etxean ere egoten zineten, baina bazegoen bertatik ateratzeko aukera.
Muturreko egoera honetan gatazkak sor litezke ordea, nahiz eta aukera ona den bizikidetzan sakontzeko. Hala ere, horrenbeste denbora elkarrekin egotea birusa bera baino kutsakorragoa izan liteke zenbait kasutan, zenbat bikotek hautsiko dute harremana koarentenan galdera egin al diozu jada zure buruari?
Psikologoen esanetan ez da ezer berezirik egin behar, aurretik egin ez denik. Funtsezkoena antolaketan sakontzean da eta bikotekide bakoitzak malgutasuna erakutsi eta ez eztabaidatzea. Azken finean, bestearen alderdi ezkutuak ezagutzeko aukera paregabea izan daiteke.
Gehien eragiten duen faktorea bikotea bizi den leku fisikoa da, ez baita berdina baserri batean, pisu handi batean edo 80 metro karratu baino gutxiagoko pisu batean bizitzea. Adituen ustez honek eragina du itxita sentitzean pairatzen dugun estresa kudeatzeko garaian. Psikologoek diotenez okerrena etortzear dago, egun batzuk soilik pasa baitira, baina bi aste inguru goazenean gauzak izugarri zail jarri litezke. Koarentena bukatzean ere, zailtasunek jarraituko dute askok eta askok aurre egin beharko baitiete arazo ekonomikoei eta horrek harremana narriatu lezake.
Eta alderdi sexualean zer?
Sare sozialetan, koarentenan honek ekar ditzakeen etorkizuneko haurdunaldi posibleez asko hitz egin da. Sexologoen iritzia bestelakoa da ordea, izan ere, antsietate eta paranoia giroak ez du ahalbidetuko sexua. Gainera, bietakoren bat gaixorik balego harreman sexualak ekidingo lirateke kutsatzeko beldurrez.
Pornografian liderra den PornHub webguneak Premium zerbitzua doan eskainiko duela iragarri die Italiar guztiei etxean geratu daitezen eta kutsatzea ekidin. Kontu hau ez da anekdota hutsa eta badu bere garrantzia, masturbazio indibidualak lehentasuna izango baitu beste jarduera sexualen aurrean. Elkarrekin masturbatzea elkarrekin txortan egitea bezain kitzikagarria izan daiteke, baina hala ere, oraindik bikote askotan gaizki ikusia dago autoplazera eta zenbait arazo ekarri litzake.
Sexologoek argi dute: bikotearekin harreman sexual osasuntsu bat edukitzeko, lehendabizi gure gorputzaren harreman sexual osasuntsua eduki beharra dugu. Horregatik, bikotea edukitzeagatik ez zaio uko egin behar plazer indibidualari. Alabaina, krisi honek alderdi positiboak eduki ditzake, beti ere lehen ekiditen ziren gaiak mahai gainean jartzen badira eta zintzotasunez hitz egin gure ezinegonez.