Bikiniaren iraultza

Bikiniaren iraultza https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bikiniaren-iraultza/@@download/image/10p27-1_1371633285.jpg
2001/07/06
erreportajea
1946an, lehendabiziko bainu jantzi berria aurkeztu zen jendaurrean

1946ko uztailaren 5ean, Jacques Heim eta Louis Reard arropa diseinatzaile frantziarrek emakumeentzako bainu jantzi berria aurkeztu zuten Parisen. Bainu jantziak, sasoi hartan modan zeudenek ez bezala, bi zati zituen eta ageriago uzten zuen emakumearen gorputza. Egun batzuk lehenago EEBBek bon-ba atomiko saioak egin zituzten Marshall irletako batean, Bikini-n alegia, eta jantziak saio nuklearrek suntsitutako uharte horren izena hartu zuen.

Bikiniak iraultza ekarri zuen. Batetik, hondartzara jantzi erosoago eta txikiago batekin joateko aukera eman zien emakumeei eta nolabait, bidea erraztu zien tanga-ri eta top less-ari. Bestetik, askoren haserrea piztu zuen hasieran, bikinia moralaren kontrakotzat jo baitzuten; mundu osoko hainbat igerilekutan bikinia janztea debekatuta egon zen urte luzez eta EEBBetan ez zen 1965era arte onartu. Urteen poderioz, ordea, emakumeek harrera ezinhobea egin zioten bikiniari.

Emakumeentzako bainu jantziak asko aldatu dira historian. XIX. mendera arte ez zen bainu jantzirik erabiltzen eta hortaz, gizonezkoak eta emakumezkoak ohiko arropekin edo larrugorritan bainatzen ziren (zenbait emakume kartzelara joan ziren itsasoan edo ibaian gizonezkoekin biluzik bainatu izanagatik). XIX. mende bukaeran lehenengo bainu jantziak kaleratu ziren: bi zati zituzten eta emakumearen gorputz osoa estaltzen zuten. 1920ko hamarkadan, aldiz, emakumeek gizonen ereduari heldu eta zati bakarreko bainu jantzia erabiltzen hasi ziren. Orduz geroztik, diseinatzaileek gero eta jantzi txikiagoak egin dituzte. Bikinia 60ko eta 70ko hamarkadetan zabaldu zen eta 80ko hamardakan lehendabiziko tangak ikusten hasi ziren Europan, Brasildik ekarriak.

Eta gizonak, zer?



Mutilen bainu jantziak ere asko aldatu dira. XX. mende hasieran gizonek gorputz osoko bainu jantzia erabiltzen zuten. Hala ere, 40ko hamarkadarako short zabalak jaun eta jabe ziren. 60ko eta 70ko hamarkadan, ordea, slip estu eta elastikoak modan jarri ziren, baina atzera, 80ko hamarkadan, bainu jantzi zabalak itzuli ziren, lehengoak baino zabalagoak eta luzeagoak, eta kolore bizidunak. Azken urteotan, modak dioenari erreparatuz gero, bainu jantzi txiki eta estuetara bueltatu garela dirudi.