Bikini berdeko neska

Bikini berdeko neska https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/10/21
erreportajea
Testua: Jon Imanol Etxabe
Bikini berdeko neska
"A ze beroa! Zergatik izango ote da hain hezea Donostia? Eskerrak hondartzara bazkaldu bezain laster etorri naizen, bestela ez nuke lekurik izango... Laster uretara joan beharko dut, bestela lehortuko naiz." Eskuartean dudan eleberriak ez nau nahikoa engantxatzen, eta lerroak pasatzen ditudan arren, ez naiz taxuz irakurtzen ari. Gero jarraituko dudanaren uste faltsuarekin, liburua toaillan uzten dut, buruko mototsa askatzen dut, nire ile kizkur beltza bitan banatuta aurrealderantz ekartzen dut eta horretarako atzerantz begiratzen dut. "Bikini honek ipurdi polita egiten dit, bai horixe".

Ingurura begiratzen hasi naiz: Aiton-amona bikote bat, ni baino dezente morenoago, chuloplayas kuadrillatxo bat, ni baino dezente depilatuagoak… Uau, eta neska hau? Nire alboan dago –irakurtzen ari nintzenean iritsiko zen–, buruz gora etzanda, ukondoen gainean. Ez du Barbie silueta, baina bai niri gustatzen zaidana: altua da, gerri estua du eta aldaka zabalak. Bikini berde bat darama azal urrekararen gainean, eta izerdi perlatxoek are erakargarriago egiten dute bere lepoa. Nire bihotz taupadak areagotzen ari dira eta nire ahoa lehortzen. Ile horia motots batean du bildua, eguzkitako betaurrekoak soinean eta ezpain handi eta haragitsuak, edan berri duen urarekin eguzkipean distiratsu, musukagarri… Mugimendu sotil batez, eguzkitako betaurrekoak pittin bat jaisten ditu, ezti koloreko begi batzuk erakutsiaz. "Bai?". Burua toaillara jaisten dut ziztu bizian.

"Joder, pillote, pillote, pillote… Uretara noa!". Ahalik eta modurik duinenean, zutitu eta itsasertzera abiatu naiz. "A ze neska polita, eta ze ahots lodia… Egin duen irribarre hori… Ez dakit ‘nitako bat’ izango den, baina bazuen jostari aurpegia… A ze begirada bota didana… Eta izter sendo horiek… Oraintxe bertan zabalduko nizkioke eta… Pfff… A ze beroaldia!". Uretan sartu naiz. Barruan dudan sumendiarekin alderatuta, uda erdiko itsasoaren epeltasuna hotz iruditzen zait. Nire gorputza guztiz erne dago: titipuntak –are gehiago– tentetu zaizkit, ur freskoak emeki laztantzen nau sabelaldean eta ezin dut burutik kendu ilehori hori, ezti koloreko begi horiek.

Toaillara itzultzen naizenean joana da bikini berdeko neska. "A ze lastima! Banuen gogoa bista gehixeago alaitzeko…". Nire gauza guztiak bere lekuan daudela ziurtatzen dut eta liburua poltsan sartzera noanean orri zati tolestu bat erortzen da bertatik. Helbide bat… Ez dago urrun… Itxaron: Norena da? BEREA?! Notatxoaren amaieran eguzkitako betaurreko batzuk daude marraztuak, beraz bai. Konturatu naizenerako dutxatu naiz, jantzi eta hondartzatik irteten naiz, etxerako bidean. "A ze kortea! Zergatik ez dakit zer egin? Inoiz ez zait halakorik gertatu… Larunbat batean Ikatz kalean bai, herriko festaren batean bai, Internet bidezko tonteoren batekin ere… baina hau? Lehen aldiz… Eta agian azkenekoz… Begirada hori, eta ezpain horiek… Pfff" Bakarrizketa izaten ari nintzen bitartean, nire hankek helbidera eraman naute.
Tinbrera jo dut. "Bai?" bera da, tonu berarekin. "Ostia! Zer esan behar dut orain? Ez daki nire izena…". Ahots dardarti batez "Ni naiz…" esatea lortzen dut. Atea zabaltzen da. Igogailuan noan bitartean urduriago jartzen hasten naiz "Zer gertatuko da? Eta norbait arriskutsua bada? Agian alde egin beharko nuke".

Baina igogailutik jaistean atearen markoaren jarrita ikusten dut, irribarre horrekin, sorbaldetarainoko ile horia solte, barruko arropa zuriarekin –bakarrik–… eta zalantza guztiak desagertu zaizkit.

Atea nire atzean ixten du eta etxeko tour bat egiten hasten zait "Hemen sukaldea, hemen egongela… …eta hemen nire logela. Bueno, eta hau da dena". Irribarre batekin esaten du, eta oso begirada oso biziz, zain. Nire sena pizten da.
Poltsa lurrera erortzen uzten dut eta bere gainean botatzen naiz, ezpain mamitsu horiek dastatzera. Hormaren aurka jarri eta musuak hozkada txikiekin tartekatzen ditut. Honek sorpresaz harrapatu du eta irribarre txiki bat bota du. Bere arnas azkartua nire belarrian sentitzen dut eta hozkadatxoak ematen dizkit; plazerrezko soinu bat ateratzen zait. Nire sabelaldean nabaritzen ditut taupadak, oso bero nago. Ahultasun unea aprobetxatuz, berak jartzen nau hormaren aurka eta lepoa musukatzen dit. Mugimendu azkar batez nire udako soinekoaren bi tiranteak aldeetara bota eta kulerotan uzten nau. Bularretakorik ez dudala ikustean, irribarre egin eta eskutik tiratuz oherantz bultzatzen nau. Bizkarrez erortzen naiz bertara eta konturatzen naizenerako nire gainean daukat lepoa musukatzen, nire bularrak ferekatzen. Zeinen leunak sentitzen diren bere eskuak nire gainean.

Berak bularretakoa kentzen duen bitartean, mingainarekin titipuntak laztantzen dizkit eta beste soinutxo batekin erantzuten diot horri. Busti bustia nago jada. Lepotik hartzen dut eta buruz gora jartzen dut ohean. Musu sakon bat ematen diot, hezea eta indartsua, eta berak burua heltzen dit, aprobazio moduan. Argi daukat zertarako gogoa dudan, beraz ez dut gehiago itxaroten. Muxu txikiekin bidea egiten hasten naiz bere lepoan behera, bularren artetik pasatuz eta zilborra zeharkatuz, enkajezko kulero zuriek tope egiten didaten arte. Berak segituan kentzen ditu, niri baimena emanez, hortaz aldaketatik heldu eta nigana tiratzen dut. Beheko ezpain puztuak zabaltzen dizkiot eta nire mingaina bere klitori heze eta epelan pausatzen dut. Mugimendu geldoez hasi naiz. Hasperen sakon bat entzuten dut, eta erritmoa azkartzea erabakitzen dut. Esku batekin maindireak heltzen ditu eta bestearekin nire ilea. Bere hankartean murgilduta, nire gorputza bero-bero dago, beraz ni ere nire klitoria laztantzen hasten naiz. Bion arnasak sinkronizatuta daude, abiadura osoan. Plazer guztiaren eroaldi horretan berak ilea gero eta gogorrago eusten dit eta nik are eta azkarrago ekiten diot. Bere aldakak uzkurtzen hasten dira eta segundo gutxiren buruan atseginezko soinutxo batekin adierazten dit iritsi dela. Nik ez dut zertan bukatu, nahikoa gozatu dut jate horrekin. Arnas estuka bere alboan etzaten naiz eta mundura itzultzen denean, irribarre batez, eskua luzatzen dit: "Sarai naiz, plazer bat zu ezagutzea".