Bikin bat in!

Ate-joka dugu Nafarroako egun handia: urriaren 15ean, igandean, ospatuko du Lesakako Tantirumairu Ikastolak 2017ko Nafarroa Oinez festa. Azken prestaketa lanetan ari dira auzolanean herritarrak ibilbide erraz bezain atsegina atontzeko. Udalerriaren goikaldean kokatuko da eta 3 kilometro eta erdiko luzera izango du, Lesakako industria eremutik nahiz baserri inguruetatik pasatzeko. Bidean 4 gune topatuko ditu bisitariak (Arratzubi, Bertizenea, Biurgarai eta Uhartea) eta adin ororentzako moduko programazioaz gozatu ahal izango du: kontzertuak, ostalaritza zerbitzua, bertso saioak, herri kirolak... Guztia Lesakako Tantirumairu ikastolak beste erakin berri bat eraiki ahal izateko. Leloak berak ere horixe erran nahi baitu Lesakako ahozko hizkeran: bi eraikinekin ikastola bat osatu nahi du Tantirumairuk, bikin bat in.
Musika nonahi eta zeliakoentzako eskaintza berezia
Igandeko goizeko hamarretan egingo du eztanda Nafarroa Oinezek. Ikastolan egingo dute irekiera ofiziala 100 lagun eta ordezkarirekin. Besteak beste, Oreka Tx eta Brun burdinola taldeak izango dira, toberak eta burnia izan direlako Lesakako Nafarroa Oinezen urte osoko ikurra.
Musika eskaintza, ugaria eta anitza da. Eskualdeko taldeek ez dute huts egingo: Petti, Borrokan eta Kalera taldeak izango dira. Eta horiekin batera aski izen ezagunak: ISEO&Dodosound, Bad Sound System, Xutik, Oihan Vega, Gabenra, Trikidantz…
Musikarekin batera badira beste hainbat ekimen. Bertso saioak, haurrentzako emanaldi ugari, Larraindantza, herri kirolak, zumba, Erronka (egunean propio jokatzen den ikastolen arteko lehia)... Adin orotarako moduko programazioa. Guztia, gainera, mugikorrean kontsultatzeko moduan, Euskaltelek eskainiko baitu debaldeko programazioaren app-a.
Aipatu ere aurten lehen aldiz zeliakoentzako janaria eskainiko duela Nafarroa Oinezek 2. gunean. Postu berezia kokatuko da talogileekin batera eta zeliakoentzako egokia den janaria prestatuko dute.
Gainera, zigarroen puntak botatzeko zakarrontzi bereziak egonen dira guneetan, eta bidean zehar eta erretzaileei bertan botatzeko eskaera egin nahi zaie.
LILA PUNTUA. eraso matxista nahiz bestelako generoei lotutako arazoei behar bezalako erantzuna emateko gunea da. Horrelako gertakarien ondoren, berehalako erantzuna ematea garrantzitsua da, eta lila puntuak horretan lagun dezakeela sinesten dute antolatzaileek. Gogoratu ez beti ez dela, baita Nafarroa Oinezen ere.
NAFARROA OINEZ 2017 festaren inguruko informazio guztia hemen.