Bihotza "txikitzen" digutenean gertatzen dena
Haustura edo galeraren bat izaten dugunean, bereziki harreman sexu-afektiboetan, min fisikoaren antzeko mekanismoak aktibatzen dira gorputzean. Izan ere, hormonen ezohiko aktibitatea sortzen da eta nerbio-sisteman desoreka. Horrek bihotzean eragina izaten du, eta min fisikoa ere eragin lezake.
Gure bizitzan desagertu den eta maite dugun norbaitengan pentsatzen dugunean, abstinentzia sindromearen pareko zerbait sentitzen dugu, bai baitakigu ezingo dugula berriz pertsona horrekin egon.
Guretzat garrantzitsua zen harreman edo lotura horren galerak kortisol maila handitzen du gure gorputzean. Kortisola jarraikortasunez maila altuan jariatzen ari garenean, gorputzean hainbat ondorio izan ditzake: bihotz-taupada kopurua handitzea, odol-hodien hertsadura, edota urdailean arazoak.
Horrekin batera, hau ere senti dezakegu: tristura handia eta negar egiteko gogoa, goserik ez sentitzea edo behar baino gehiago jatea, lo egiteko arazoak, antsietatea eta pentsamendu errepikakorrak, eta autoestimu baxua.
Zer egin dezakegu horren aurrean?
Mina saihestea ez da osasuntsua izaten, geure buruari sentitzen ari garena sentitzen uztea izaten da onena. Lasai asko negar egiteak, sentitzen duzuna idazteak edo konfiantzazko norbaitekin htz egiteak lagundu ohi du. Era berean, elikadura zaintzea, kirola egitea, eta ahal beste lo egitea ere komenigarria izaten da. Ingurukoen babesa gertu izaten ahalegindu, eta saiatu bikote ohiarekin kontaktua mugatzen, haren sare sozialak ez begiratzen eta hari buruzko ahalik eta informazio gutxien izaten.
Aukera bat izan ote liteke?
Silvia Severino psikologoak sare sozialetan zabaldutako bideo batean azaldu duenez, banaketa baten ondorengo sufrimentuak "esnatzeko" balio izaten du. Haren ustez, "minak barrura begiratzera behartzen gaitu" eta "zauri zaharrak identifikatu eta sendatzeko" balio dezake. Haustura bakoitza norbere buruarekin konektatzeko aukera dela nabarmendu du: "Hutsetik berreraikitzen duzu zure burua, eta zeure burua lehenesten ikasten duzu prozesu horretan, maitasuna erregutzeari utzi eta zeure buruar betidanik besteengandik esperotakoa ematen hasten zara".
