Bihartik igandera bitarte, Lauarin jaialdia Donostian

Bihartik igandera bitarte, Lauarin jaialdia Donostian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bihartik-igandera-bitarte-lauarin-jaialdia-donostian/@@download/image/lauarin_2013_1372317514.jpg
2013/06/27
berria
Goizaldi, Eskola eta Trebeska dantza taldeek antolatzen duten Lauarin Nazioarteko Folklore Jaialdiak seigarren edizioa izango du aurtengoa, eta bihar hasi eta igandera bitarte luzatuko da. Orotara zortzi konpainia ariko dira.


Dantza kultura arteko lokarri bezala ulertzen dutelako, eta donostiarrei nahiz ingurukoei mundu osoko tradizioak eta ohitura herrikoiak irisarazi nahi dizkietelako sortu zuten Lauarin Nazioarteko Folklore Jaialdia 2008an. Urteak aurrera, sona hartzen joan da, eta mundu osoko taldeak gonbidatu izan dituzte euskaldunekin batera beren emanaldiak eskaintzen, besteak beste, Polonia, Bulgaria, Grezia, Ingalaterra, Mazedonia, Irlanda, Turkia edota Eslovakiako konpainiak.

Aurtengoan, baina, finantzaketa arazoak tarteko, jaialdia hiru egunera murriztu behar izan dute Goizaldi, Eskola eta Trebeska dantza talde antolatzaileek, baina Donostiako Udalaren laguntzari esker, jaialdia hiriko hainbat auzunetara eramatea lortu dute: Amara Zaharra, Egia eta Antigua. Halaber, Alde Zaharreko Konstituzio plazan emanaldiak izango dira ostiral eta larunbatean.

Egitarauaren baitan, Lauarin Txikia izeneko tartea prestatu dute. Hala, Gipuzkoako sei dantza taldeetako gaztetxoek ere beren gaitasunak ikusarazteko aukera izango dute larunbat arratsaldean.

Talde gonbidatua
VI. edizio honetako gonbidatu berezia Espainiako Grupo folk Raices de Cenicientos izenekoa da. 1983an sortu zen musikariz, abeslariz eta dantzariz osaturiko konpainia, eta 30 urteko ibilbidean Cenizientoseko (Madril) folklorea kontserbatzeko eta zabaltzeko ahalegina itzela egin du.

Egitaraua


Ekainak 28, ostirala
  • 17:00etan, desfilea Trebeskatik Luis Martin Santos plazaraino (Egia).
  • 17:30ean, Grupo folk Raices de Cenicientos eta Trebeska Dantza Taldearen emanaldia Luis Martin Santos plazan (Egia).
  • 19:00etan, desfilea erdialdetik Alde Zaharrera (Alde Zaharra).
  • 20:00etan Grupo folk Raices de Cenicientos, Trebeska eta Goizaldi taldeen emanaldia Konstituzio plazan (Alde Zaharra).

Ekainak 29, larunbata
  • 12:30ean, desfilea Antiguan (Antigua).
  • 13:00etan, emanaldia Antiguako frontoian (Antigua).
  • 17:00etan, Laurin Txikiaren baitako desfilea (Alde Zaharra).
  • 18:00etan, Laurin Txikiaren baitako emanaldia Konstituzio plazan (Alde Zaharra).
  • 20:00etan, Grupo folk Raices de Cenicientos, Goizaldi eta Eskola taldeen emanaldia Konstituzio plazan (Alde Zaharra).

Ekainak 30, igandea
  • 13:00etan, Haurren Soka Dantza Trebeska eta Eskola taldeetako haurren eskutik Konstituzio plazan (Alde Zaharra).
  • 17:00etan, Grupo folk Raices de Cenicientos eta Eskola taldeen emanaldia Easo plazan (Amara Zaharra).