Bihartik aurrera, Jardunaldi Gastrokulturalak Zarautzen

Bihartik aurrera, Jardunaldi Gastrokulturalak Zarautzen https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bihartik-aurrera-jardunaldi-gastrokulturalak-zarautzen/@@download/image/gastrokulturala_1377513667.jpg
2013/08/27
berria
Bihartik aurrera, Jardunaldi Gastrokulturalak Zarautzen
Steps Ikasle Elkartearen ekimenez, Japonia, Mexiko eta Italiako gastronomia probatzeko aukera izango da asteazkenetik aurrera, abuztuaren 28an, 29an eta 30ean, Zarauzko Jardunaldi Gastrokulturalen baitan.


Zarauzko merkatuaren lehen solairua jangela, erakusketa areto eta ikastaro gune bilakatuko da bihartik aurrera, bertan egingo baitituzte Jardunaldi Gastrokulturalak. Japonia, Mexiko eta Italia izango dira herrialde gonbidatuak, eta bertako jaki nahiz errezetak gastronomia euskaldunarekin batera uztartuko dituzte. Ekimenaren helburua sukaldaritza ezberdinak modu sinple eta ulerterraz batean herritarrei helaraztea da.

Horretarako, sukaldaritza ikastaroak eskainiko dituzte hiru egunez, eta tokian tokiko espezialitateak dastatzeko aukera ere izango da. Besteren artean, sushi ikastaroa, guakamole ikastaroa, entchilada ikastaroa, pizza tailerra eta pasta freskoa egiten ikasteko tailerra egingo dituzte haur eta helduei zuzendurik. Lehenek 8 euro ordaindu behar dituzte, bigarrenek 20 euro, eta izena emateko turismoa@zarautz.org helbidera idatzi beharko dute.

Erakusketa
Ekimenari dimentsio zabalago bat emateko asmoz, Angel Uranga Zarauztar margolari ospetsuaren erakusketa jarriko dute ikusgai egun horietan merkatuan bertan. Suitzan, Katalunian eta Errioxan bizi izandakoa da, eta jardunaldien azken egunean bere obretako bat enkantean jarriko dute 165 euroko preziotik abiatuz.