Bihardamu

Bihardamu https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bihardamu/@@download/image/alaia6.jpg
2008/01/04
erreportajea

Alaia Martin

Bihardamu

 


Urte hasieran aurreko urte hasiera gogoratzen dugu, eta oraingoaren amaiera imajinatzen. Eta erretzeari utziko diogula esaten dugu, eta kiroldegira joango garela, eta bidaiatu egingo dugula, eta lagunekin gehiagotan egongo garela, eta fakultateko irakasleen izenak ikasiko ditugula, eta gitarra jotzen ikasiko dugula, eta ahaztutako lagun harekin geratuko garela, eta ez dugula loteria berriz sekula erosiko, eta maite dugula esango diogula.

Baina laburrak dira urte hasierak. Urteak bezain laburrak, ia.

Eta tabakoarentzat kanbiorik ez dugunean izerditzen dugu, fakultateko kafetegitik deitzen diegu lagunei lanpetuta gaudela gogorarazteko, aspaldiko lagun hari loteria dezimo bat bidaltzen diogu, eta gitarristaren bati koroak eginez beste hura pixka bat baino ez dugula maite esaten diogu geure buruari. Eta pixka horiek, banatu. Maitatu nahi ditugunen artean.

Biharkoak bizi gaitu, atzoko gaur honen biharamunak.

Horregatik ez dira betetzen promesak. Biharko eginak direlako. Eta biharkoa ezin delako gaur egin, ezin delako atzotik eragin. Enuntziatu gabeko promesak nahi ditut nik, gaurtik-gaurrerakoak. Premesarik ez. Ez dira betetzen ez diren promesak bezain politak, baina errealak dira behintzat. Eta errealitatea hau da.

Hau. Atzokoa memoriaren gutizien errealitatea baino ez delako; biharkoa aurreikuspenen erralitatea baino ez den bezala.

Ez dut esaten errealistak izan behar dugunik. Errealistek errealitatea den bezala ikusiagatik, den hori aldagaitz ikusten dutelako, eta dena ikusteak oraindik ez dena ikustea eragozten dielako maiz. Kontua errealitatearen kontzientzia izatea da, kontzientzia eta errealitatea kointzidituaraztea. Eta hori gaur egiten da. Gaur txikiak kateatuz. Kate-begi bakoitzak begirada bat behar du, berea, propioa, biharkoaz ezberdina. Kate-begi bakoitzak zabaltzen baitu zirrikitu bat, X-ri begiratzeko. Ilargiari begiratzeko zirrikitu bat.  Naizenaz gain, nagoena naiz.

Gogoratu nahi ditudan gauetan baino ez diot ilargiari begiratzen. Gehiagotan begiratuko diodala da nire promesa. Sinetsidazu, nahi baduzu.