Bihar jokatuko da, Bilbon, Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken finalaurrekoa

Bihar jokatuko da, Bilbon, Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken finalaurrekoa Bertan argituko da zein izango diren abenduaren 18ko finalean kantatuko duten bertsolariak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bihar-jokatuko-da-bilbon-bertsolari-txapelketa-nagusiko-azken-finalaurrekoa/@@download/image/Bertsolari Txapelketa.jpg
2022/12/02

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Bertan argituko da zein izango diren abenduaren 18ko finalean kantatuko duten bertsolariak.
Bihar jokatuko da, Bilbon, Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken finalaurrekoa

Irailaren abiatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusia eta bihar izango da azken finalaurrekoa Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Honako sei bertsolariak arituko dira kantuan:  Jone Uria Albizuri, Amets Arzallus Antia, Joanes Illarregi Marzol, Saioa Alkaiza Guallar, Maddalen Arzallus Antia eta Aitor Mendiluze Gonzalez. Gai-jartzaile lanetan Idoia Anzorandia Kareaga arituko da.

Saio honen amaieran jakinaraziko da zein zazpi bertsolarik kantatuko duten abenduaren 18ko finalean,Iruñeako Nafarroa Arenan, aurreko txapelketatik zuzenean sailkatuta dagoen Maialen Lujanbiorekin batera. Gainerako finalistak finalaurreko lehen eta bigarren itzuliko puntuazioak batuta puntu gehien lortu dituztenak izango dira. 

Epaimahai lanetan Ainhoa Sarasua Lascaray, Aitor Jimenez Tolosana, Amaia Otxotorena Gamio, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Mirari Azula Aurrekoetxea, Nerea Bruño Artazkoz eta Zigor Leunda Eizmendi arituko dira. Idazkari, berriz, Joxe Mari Altuna Berridi eta Nerea Goñi Begiristain izango dira.

Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eros daitezke eta Bilbon bertan ere izango da aukera, 15:00etatik aurrera, leihatilan. Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, pilotalekuko ateak 15:45ean irekiko dira eta saioa 17:00etan hasiko da.

Saioaren jarraipena telebista zein irratiz
Saioa zuzenean eskainiko dute bertsoa.eus eta eitb.eus atariek eta ETB4 kateak, Ilaski Serrano eta Jon Martin gidari direla. Horrez gain, Bilbo Hiria irratiak ere zuzeneko emankizuna egingo du bertatik. Igandean hainbat bertsoaldi ikusi eta entzun ahal izango da bertsoa.eus atarian eta Hitzetik Hortzera telebista saioan.

ETB1ek finalaurrekoen bigarren itzuliko hiru saioak ere eskainiko ditu, lehen ganbarako lanetik aurrera, 22:30ean hasita.