Bihar jokatuko da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala

Bihar jokatuko da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala Sei bertsolari arituko dira, tartean azken urteetan txapela jantzi duten Iñaki Viñaspre, Oihane Perea eta Manex Agirre. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bihar-jokatuko-da-arabako-bertsolari-txapelketaren-finala/@@download/image/image_preview.jpg
2022/06/10

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Sei bertsolari arituko dira, tartean azken urteetan txapela jantzi duten Iñaki Viñaspre, Oihane Perea eta Manex Agirre.
Bihar jokatuko da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala

Gasteizko Europa Biltzar Jauregiko Maria de Maeztu Auditorioan izango da finala, 17:30etik aurrera. Honako bertsolari hauek kantatuko dute finalean: Xabi Igoa, Oihane Perea, Manex Agirre, Peru Abarrategi, Paula Amilburu eta Iñaki Viñaspre. Amilburu izango da finaleko aurpegi berria, lehen aldiz kantatuko baitu finalean. Arantxa Sobrinok aurkeztuko du saioa eta Aintzane Irazusta arituko da gaiak jartzen.

Txapela Serapio Lopez Ortuetak jantziko dio aurtengo txapeldunari. Arabako lehen bertso eskolen sortzaileetako bat izan zen, eta  bertsolari, irakasle eta antolatzaile lanetan aritu izan da.  2017ko finalean kantatu zuen azken aldiz Arabako Bertsolari Txapelketan. Txapeldunari txapela buru gainean kokatuz eskertu nahi dio bere ibilbidea Arabako Bertsozale Elkarteak.

Beste sari banatzaileak Araban euskara eta kultura bultzatzen duten eta bertsolaritzaren inguruan nolabaiteko elkarlana egiten duten eragileak izango dira, beraien lana eskertzeko asmoz: Arabako ALEA komunikazio taldea, Legutioko Gazte Asanblada, Ttiki Ttaka Arabako Errioxako Euskaldunon Elkartea, Aiaraldea Ekintzen Faktoria, Zalduondoko Kultur Elkartea eta Mendialdeko AEK. 

Finalerako sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean eskura daitezke.