Bihar hasiko da Zinetika jaialdia

Bihar hasiko da Zinetika jaialdia Hogeita hiru film proiektutako dituzte guztira Donostian, Bilbon eta Iruñean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bihar-hasiko-da-zinetika-jaialdia/@@download/image/noticia3.jpg
2021/10/21

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Hogeita hiru film proiektutako dituzte guztira Donostian, Bilbon eta Iruñean.
Bihar hasiko da Zinetika jaialdia

Zinetika Jaialdiaren seigarren edizioa bihar, ostirala, abiatuko da, eta filmen proiekzioak, hiru masterclass, bi emanaldi, tailer bat, jaialdi topaketa eta haurrentzako proiekziorako proposamen bat izango ditu. Dantzaren, ikus-entzunezko hizkuntzaren, gorputzaren eta teknologiaren arteko hartu-emanak jorratzen dituen diziplina anitzeko jaialdia da, hainbat esperientzia artistiko zabaltzen dituena. 

Programatu dituzten hogeita hiru filmetan hainbat gai jorratuko dituzte konfinamendua, errutina, bideo-jokoak, geometria, bereizkeria, denboraren iragaitea, arkitektura, poesia-ekintza, topaketa, esperimentazioa… Jatorri aldetik ere anitzak izango dira, hainbat herrialdetakoak: Argentina, Estatu Batuak, Frantzia, Ekuador, Brasil, Errusia, Britainia Handia, Herbehereak, Australia edo Espainia, besteak beste.

Berritasun gisa, gainera, Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiak bultzatutako DNA programaren jarduera biltzen duen dokumentala programatuko da. Teresa Morales, Sofia Alforja eta Lorand Janos arituko dira epaimahaian edizio honetan.

Urriaren 22tik 26ra bitartean egingo da Donostiako Tabakalerako Kutxa Kulturren eta Trueba zineman, urriaren 27 eta 28an Bilboko BilbaoArten, eta urriaren 29, 30 eta 31n Iruñeko Baluarten. Programazio osoa ere bildu dute webgunean, hiriz hiriko eskaintzaren berri izateko. 

Arte-trukerako plataforma gisa aurkezten da jaialdia, nazioartean hainbat diziplinatako erakunde eta artisten arteko loturak ezartzeko aukera ematen duena, kultura-trukea aberastuz. Gainera, egoitzak hartzen dituzten hiru hiriak senidetzeko eta hiru probintzien arteko kultura-loturak indartzeko lan egiten du jaialdiak.