Bihar hasiko da Feministaldia Donostian

Plazandreok Emakumeen Plataforma Politikoak Feministaldia antolatu du beste behin Donostian, eta aurtengoan lehenago izango da, gainera, azaroaren 16tik 20ra. XVI. edizioaren helburua, ohiko moduan, kultura feministari lotuta dauden ahotsen, sorkuntzen eta diskurtsoen elkargune izatea da. Sismika izango da edizio honetako leloa, "emakumeen* bizitzek eta gorputzek jasaten dituzten dardara bortitzei" erreparatu nahi baitiete. Leire San Martinen hitzetan, "Sismika dira gorputzek lurraldeetan egiten dituzten desplazamenduak, eta zerikusirik ez dute bidaia derrigortuek edo soilik batzuen beharrei erantzuten dieten prozesu turistifikatzaile eta gentrifikatzaileek eragindako mugimenduek. Era berean, Sismika dira emakumeok* elkarrekin garatzen ditugun estrategiak, gerrak, disidentziak eta erresistentziak. Espero ez dugun lurrikara da Sismika, kultura feministak dakarren luizia, ordena astintzeko behar bizia, eta horri eutsi nahi diogu ere bizi dugun garai sismiko honetan".
Hitzaldi, mahai-inguru, kontzertu eta performance-ak kontuan hartuta, 30 artista, aktibista eta pentsalari baino gehiago izango dira Feministaldian, eta "bakoitzak bere diziplinan mugitzen ari den horretan jarriko du fokua". Honako hauek parte hartuko dute, besteak beste: val flores idazle eta aktibista; Huelvako Jornalerak Borrokan; Euskal Herriko Neska* Gazteak; Beatriz Herraez, Elvira Dyangani Ose eta Yaiza Hernandez; Ines Osinaga, Lorea Argarate eta Olatz Salvador musikariak; Maialen Sagues militante antiespezista; Eider Rodriguez eta Karmele Jaio idazleak; eta Paloma Chen kazetari, aktibista antiarrazista, poeta eta idazlea.
Jaialdia Tabakaleran egingo dute, patioan, zinean, plazan eta Z aretoan hain justu. Egitarau osoa hemen kontsulta daiteke eta sarrera librea izango da, edukiera bete arte. Kearen Artxibogileek egingo duten bisitarako soilik eman beharko da izena, Tabakaleraren webgunean. Bertara hurbiltzerik izan ez arren, jarduera gehienak streaming bidez jarraitzeko aukera izango da.