Bihar egingo dute USOPOP festibalaren 5. edizioa

Bihar egingo dute USOPOP festibalaren 5. edizioa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bihar-egingo-dute-usopop-festibalaren-5-edizioa/@@download/image/usopop_1399627472.jpg
2014/05/09
berria
Anari eta Aguxtin Alkhat, Mobydick band, Kid Wise eta Sebastien Schuller izango dira aurtengo USOPOP jaialdiko gonbidatuak. Maiatzaren 31n egingo dute jaialdia Sarako Lizarrietako oihanean, eta aurten lehen aldiz, 15:30ean hasiko dira emanaldiak eguzkiaren berotasuna aprobetxatzeko.


Ingurugiroa eta musika uztartzen dituen festibala motorrak berotzen hasi da bosgarrenez. 2010ean lehen edizioa egin zutenetik, Uncle Jelly Fish, Xan Errotabehere edota Belako, tartean, igo dira xumea izan arren, ikuskizun ahaztezinak eskaintzen dituen USOPOP jaialdiko taula gainera. Programazio indartsua aurkeztu dute beste behin ere, haurrei zuzendutako Musikolore ikuskizunarekin hasi eta Sebastien Schuller frantsesak udazkenean aurkeztuko duen hirugarren laneko doinuekin itxiko dena.

Nagusiki, bi berrikuntza izango ditu jaialdiak: ordutegia aurreratu egin dute, eta eszenatoki berri bat jarri. Ekitaldiak 15:30ean abiatuko dira, beraz; Anari eta Aguxtin Alkhat lehenik, sei laguneko talde bilakatu den Mobydick band ondoren, Okzitaniako Tolosatik datorren Kid Wise seikoa segidan, eta Sebastien Sculler azkenik. Jaialdiaren oinarriei eustea lortu dute antolatzaileek, eszena berriko artistei eta datozen hilabeteetan berrikuntzak eskainiko dituztenei lekua egin dietelako berriz ere.

Emanaldiez gain, bertan ekoitzitako produktuak dastatzeko aukera izango da ostatu-jatetxe xokoan. Beraz, apuntatu agendan: maiatzak 31, larunbata, Sarako Lizarrietako oihanean (zuhaitzez inguratuta).