Bigarren Euskal Liburu eta Disko Azoka egingo dute Ziburun

Baltsan Elkarteak eta Argia aldizkariak Ziburuko 2. Euskal Liburu eta Disko Azoka antolatu dute ekainaren 12an. Antolatzaileek adierazi dutenez, "Irun eta Baiona artean ez da euskarazko argitalpenei dedikaturiko liburu-dendarik" eta hutsune horri erantzun nahi diote ekimen honen bidez. Lapurdiko kostaldean "euskaldun asko izan arren, euskara erabiltzeko aukera gutxi" daudela nabarmendu dute. Pandemia garaian aurrez aurreko harremanak murriztu egin ditugu eta euskara "jendeen arteko harremanak elikatzen eta hedatzen dutenez", nahitaezkoa iruditzen zaie "euskarak plaza berreskuratzea eta plazak bizia".
Azoka urtero ekaineko lehen asteburuan egitea da asmoa, baina aurten bigarrenean egingo dute, ekainaren bederatzian altxako baita horrelako ekitaldiak egiteko debekua. Euskal Irratiak, Euskal Kultur Erakundea eta Ziburuko Herriko Etxearen partaidetza ere izango dute, euren aholkularitza eta laguntza teknikoa, ekonomikoa edota mediatikoa emango baitute. Hogeita bi argitaletxeren lanak izango dira Ziburuko herriko plazan egingo den azokan.
Ekitaldiak azokan
Azoka goizeko hamarretatik arratsaldeko zortzietara egongo da irekita eta hainbat ekintza izango dira egun osoan zehar. Goizeko hamar eta erdiak aldera, Maddi Zubeldiak Iturri zaharreko ipuinak kontatuko ditu, aurrez haurrek eskolan landu dituzten abestiez lagunduta. Eguerdian, berriz, Zirriborroka izango da, bi marrazkilari eta bi bertsolariren arteko inprobisazio saio lehiakorra. Literaturarekin loturik, Adur Larreak Mikel Antzaren gidoiarekin osatu duen Burgosko auzia: iraultza eta bizi! liburu ilustratua aurkeztuko du. Azkenik, egunari amaiera emateko, Agustin Alkhat eta Juilen Labaten zuzeneko kontzertua izango da; Hutsaren hatsa diskoa aurkeztuko dute bertan.