Bigarren eskuko bizikleta azoka egingo dute larunbatean Donostian

Bigarren eskuko bizikleta azoka egingo dute larunbatean Donostian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bigarren-eskuko-bizikleta-azoka-egingo-dute-larunbatean-donostian/@@download/image/bizitruk2013_1370590696.jpg
2013/06/07
berria
Bizikletaz aldatu nahi baduzu, edo erabiltzen ez duzun eta garajean ahaztuta duzun horren truke diru pixka bat atera nahi baduzu, larunbat honetan duzu aukera: Bizitruk-Donostitruk bigarren eskuko bizikleta azoka egingo dute goizean Easo kaleko suhiltzaileen eraikin zaharrean!


Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkarteak eta Donostitruk bigarren eskuko hileroko merkatuak Bizitruk-Donostitruk azokaren 4. edizioa antolatu dute. Larunbatean izango da, goizeko 10:00etatik aurrera, Donostiako suhiltzaileen eraikin zaharraren beheko aldean, Easko kaleko 43.ean. Bizikletak ez ezik, patinak, patineteak, kaskoak… eta mugikortasuna jasangarriarekin lotutako beste edozein osagarri edo tresna saldu eta erosteko aukera izango da.

Aurreko edizioetako datuak ikusirik, batez beste, 70 euroko salneurria izaten dute bizikletek; merkeenek 10 euro, eta garestienek 220 euro inguru. Urtez urte, aurkeztutako eta saldutako ibilgailu kopuruak gora egin du, eta aurten ere herritar ugari hurbiltzea espero dute antolatzaileek.

Goizean goizetik
Zuk ere zure bizikleta salgai jarri nahi baduzu, larunbatean bertan, goizeko 8:30etatik 10:00ak bitarte joan behar duzu suhiltzaileen egoitza zaharrera. Noski, adinez nagusia behar duzu izan, eta bizikleta entregatzerako unean NAN aurkeztu eta jabego egiaztapen dokumentu bat sinatu beharko dituzu, lapurtutako bizikleten salerosketa ekiditeko.

Ondoren, 10:00etatik 14:00etara, bigarren eskuko azoka zabalik izango da. Ekimenaren helburua, gainera, bikoitza da, berrerabilpenaren bidez hondakin gutxiago sortzeaz gain, mugikortasun jasangarria bultzatu nahi duelako.

Eguerdi partean, 14:00etan, bizikleta goizean utzi duten horiek azokara itzuli beharko dute salmentaren zenbatekoa edota saldu ez diren bizikletak jasotzera.