Bideozoroen klana

Bideozoroen klana https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bideozoroen-klana/@@download/image/35p28-1.jpg
2003/11/04
kritika
Testua:
35.zenbakia
Bideozoroen klana
Gero eta gehiago. Gero eta zabalpen handiagoa. Gero eta hobeak. Bideojokoen arrakasta nabarmena da. Duela hamar bat urte hasi ziren gure artean hedatzen eta gaur egun, gazteon aisialdi aukera gustukoenetako bat da. Datozen urteetan bideojokoetan iraultza izango dela diote adituek.

Bideojokoen boom-a 90eko hamarkadan heldu zen Euskal Herrira AEBetatik. Gurean merkaturatutako lehendabiziko kontsoletako bat PlayStation famatua izan zen. Orduz geroztik, joko horiek izugarri zabaldu dira; eskaera dagoela seinale. Ondorioz, elektronika enpresa nagusientzat (Atari, Sony, Game Cube, Nintendo...) pagotxa da esparrua. Datu bat:  AEBetan  65 milioi kontsola daude gaur egun, eta jokalari bakoitzak ehun euro inguru gastatzen ditu hilabetero bideojokoetan. Beraz, Euskal Herrian "heldu berriak" dira joko hauek, AEBekin alderatuz gero. Dena den, gure artean ere sekulako arrakasta lortu dute eta horretaz konturatzeko, bideojokoetan jarduteko aukera ematen duten ziber guneetara jo besterik ez dago. Astegunetan, arratsadez,  eta asteburuetan, egun osoz, 12 eta 18 urte bitarteko gaztetxoez lepo egon ohi dira ziber aretoak! Hori bai, gehienak mutilak dira.
Online, punta-puntakoena
Azken hamarkadan bideojokoen mundua erabat aldatu da. Garai batean ohikoena bakarka aritzea zen, etxeko kontsolan edo ordenagailuan. Hala ere, gaur egun punta-puntakoena online aritzea da, hau da, internet bidez jolastea. Zergatik? Euskal Herriko gazte batek munduko edozein txokotako beste batekin jolas dezakeelako. Horrez gain,  taldeka jarduteko aukera ere bada ("klan" esaten zaie talde hauei). Horregatik, bideojoko zale askok ziber guneetara jotzen dute, etxean baino merkeagoa baita interneten konektatzea.
Joko guztien gakoa lehiakideari irabaztea da. Eta ez da gauza bera ordenagailuaren edo beste gazte batzuen aurka jardutea. Pertsona edo talde baten kontra aritzea dibertigarriagoa da: "Ordenagailuekin ez bezala, sekula ez dakizu aldez aurretik pertsona batek zer egin dezakeen", esan digu Josean Etxeberria Iruñeko Yagonet ziber guneko kideak.
Zabalpen handia
Azkenaldian, bideo jokoen eskaintza izugarri handitu da. Jokoak ere gero eta hobeak dira: "Half-Life", "Ridge Racer V", "Street Fighters", "Word War 2"… "Lehendabiziko jokoak oso oinarrizkoak ziren, baina egungoak oso errealistak dira. Ekoizleek asko zaintzen dituzte alde grafikoa, soinua eta testu programak. Joko asko, gainera, 3D-an eginak dira eta beraz, jokalariek errealitatearen eta alegiazko mundu baten artean aritzeko aukera izaten dute", dio Etxeberriak.
Joko hauek duten merkatua ikusita, produktuak hobetzeko ahalegin  handia egiten ari dira ekoizleak. Eta ahalegin horretan, zinearen esparruarekin topo egin dute. Batetik, biderkatu egin dira filmak oinarri hartuta bideojokoak egiteko baimenak: "Enter The Matrix", "Finding Nemo"… Alderantzizko kasuak ere badira, "Lara Croft", esaterako. Kasu honetan, mundu osoan arrakastatsu izandako jokoa hartu zuten oinarri filma egiteko. Bestalde, zinema digitalaren eta animazioaren esparruko egile nagusiek bideojokoetara jauzi egin dute. Eta hau dena gutxi balitz bezala, pop, rock eta musika elektronikoaren izen handiak jokoen soinu bandak egiten hasi dira.
Jokoen azken belaunaldia
Zabaltze horretan, etorkizunean, bideojokoetan iraultza gertatuko dela diote adituek. "Urrunegi jo gabe, azken belaunaldiko bideojokoek berrikuntza garrantzitsua ekarri dute: lehen aldiz hiria jokoen topagune bilakatu da. Hau da, jokalari batzuk pantailaren aurrean eseri ohi dira eta beste batzuek lehenengoek emandako aginduak betetzen dituzte hirian barrena", esan digu berriki Gasteizen egindako Art Futurako (arte eta teknologiaren jaialdia) komisario David Sanchezek.
Eta euskarrietan ere izan da aldaketarik, jolasteko aukera ematen duten sakeleko telefonoak saltzen hasi dira eta.
Gainera, Nokia-k berriki merkaturatutako N-Gage euskarria kontsolen eta segapotoen arteko nahasketa da. "Benetako bitxikeria da. Online jolasteko aukera ematen du, kontsolen antzeko soinu eta grafikoekin", azaldu digu Sanchezek.
Lasterketa geldiezina
Hala ere, asko falta da oraindik sakeleko telefonoek eta euskarri berriek betiko kontsolei eta ordenadoreei aurrea hartzeko. Segapoto hauek gurera heldu dira, baina momentuz ez dute arrakasta handirik izan. "Oso garestiak dira telefonoak eta, gainera, jokoek ez dute zerikusirik kontsoletako edo ordenagailuetako jokoekin", dio Simon Mendizabal 14 urteko jokalari donostiarrak. Beste hainbeste esan digu Sanchezek: "Segapotoek sekula ez diete itzala egingo kontsolei edo ordenagailuei. Izan ere, grafikoki aukera gutxiago dute. Dena dela, kontuan hartu beharreko euskarria da, eta euskarri horretarako joko uholdea datorren urtean etorriko zaigu". Lasterketa geldiezina, beraz, bideojokoena.