Bideo-jokoen euskal jardunaldia larunbatean

Bideo-jokoen euskal jardunaldia larunbatean Bideo-jokoek hizkuntza gutxituekin duten harremana izango dute hizpide, eta streaming bidez jarraitu ahal izango da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bideo-jokoen-euskal-jardunaldia-larunbatean/@@download/image/TWITTER-01.jpg
2021/11/02

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Bideo-jokoek hizkuntza gutxituekin duten harremana izango dute hizpide, eta streaming bidez jarraitu ahal izango da.
Bideo-jokoen euskal jardunaldia larunbatean

Jokoteknia biltzarraren laugarren edizioa egingo dute larunbatean, hilak 6, Bilboko Euskaren Etxean, Game Erauntsia Elkarteak eta Azkue Fundazioak antolatuta. Bideo-jokoak izango dira protagonista, baina hauek hizkuntza gutxituekin daukaten harremana eta bizi duten egoera ezagutzera emateko helburua izango du jardunaldiak. 

Jardunaldien xedea, aurreko edizioetan bezala, “euskara eta bideo-jokoak uztartzea eta euskal bideojokozaleen komunitatea indartzea” dela azpimarratu dute. Oraingoan, gainera, euskaldunen egoera ez ezik, beste komunitate batzuen bizipenak ere ezagutarazi nahi dituzte. Europako hainbat bazterretako gonbidatuak batuko dira bideo-jokoei buruz hitz egiteko eta hainbat hizkuntza gutxituren egoera azaltzeko. Bretoierak, irlanderak, galesak, galegoak, katalanak eta, nola ez, euskarak bideo-jokoen munduan bizi duten egoerari buruz mintzatuko dira hizlariak, beste hainbat gairen artean. Hitzaldiak euskaraz, katalanez, gazteleraz eta ingelesez egingo dituzte, baina guztiak euskaraz jarraitzeko aukera egongo da. 

Urteroko arrastoari jarraituz, Euskal Herrian bideo-jokoei lotutako ikastaroak eskaintzen dituzten hainbat zentrotako ikasleak elkartuko dira mahai-inguruan. Aurten Digipen Europe Bilbao zentroko, Harrobia Ikastolako eta Tartanga ikastetxeko kideek hartuko dute parte. 

Jokoteknia sarean jarraitu ahal izango da osorik zuzenean, Azkue Fundazioaren YouTube kanaletik zein Game Erauntsiaren Twitch kanaletik

Liburuxka ere laster kalean
Laugarren edizioa aurkeztearekin batera, 2018ko, 2019ko eta 2020ko Jokoteknia jardunaldietako hitzaldietan azaldutakoa gogoratzeko eta ospatzeko liburuxka argitaratuko duela adierazi du Game Erauntsiak. Bideo-jokoei buruzko gai anitzak biltzen dituen lehen euskarazko argitalpena izango da. Historia, ekoizpena, diseinua, itzulpengintza eta lokalizazioa, kontserbazioa eta feminismoa dira, besteak beste, Jokotekniako hitzaldietan jorratutako gaiak. Azaro hasiera aldera Bizkaiko liburutegietara bidaliko dute, baina Euskal Herriko beste probintzietara helarazteko lana ere egingo dute bai Game Erauntsiak eta baita Azkue Fundazioak ere.