'Bidea da borroka' komikia Baionan aurkeztuko dute

'Bidea da borroka' komikia Baionan aurkeztuko dute Garaiz kanpo eta berandu jaio dela sentitzen duen 30 urte inguruko gizonaren noraezeko bidaia kontatzen du komikiak, belaunaldi baten erretratua. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bidea-da-borroka-komikia-baionan-aurkeztuko-dute/@@download/image/gorka rubio foku.jpg
2022/01/20

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Argazki nagusia: Gorka Rubio/ Foku

Garaiz kanpo eta berandu jaio dela sentitzen duen 30 urte inguruko gizonaren noraezeko bidaia kontatzen du komikiak, belaunaldi baten erretratua.
'Bidea da borroka' komikia Baionan aurkeztuko dute

Beñat eta Unai Gaztelumendi anaiek Bidea da borroka komikiaren aurkezpena egingo dute Baionako Kalostrapen bihar, hilak 21, iluntzeko zazpietan. Aurkezpen berezia izango da, bertsoak eta marrazkiak eskainiko baitituzte zuzenean. 

Martin Artola da komikiko protagonista; bertsolaria da bera, 30-35 urte bitarteko gizon gipuzkoarra, gaztea izan zena, "orain botere posizio batean dagoena eta, hala ere, erabat kontziente ez dena okupatzen duen posizioaz". Lehen aldiz iritsi da Bertso Txapelketa Nagusiko finalera eta Barakaldon izango da finala. Komikian bi bidaia gertatzen dira: batetik, Martin Artolak autoz bere etxetik Barakaldora egiten duena eta, bestetik, nola hazi eta hezi den kontatzen duena. Lagunak, egoerak, zalantzak, gailurrak eta krisiak nahasten zaizkio bolantean doala.

Egileek argi utzi nahi izan dute ez dela bertsolaritzari buruzko komikia: "Gure belaunaldiko edozein pertsonak bizi izan dituen bizipenak bizi izan ditu Martin Artolak. Euskal Herriko gatazka politiko maiuskulazko horren aro zehatz batean sortua da, gerra-hizkera batean hezia, dena eraikia zegoenean jaio zen; epika baten baitan aurkitu nahi izan die zentzua bere ekintzei… Erresistentzian eta subalternitatean. Eta, ohartzerako, botere-posizio batean aurkitu du bere burua, aldatu egin zaio testuingurua”.

Beñat Gaztelumendik egin du komikiaren gidoia, eta Unai Gaztelumendik marrazkiak. Komikia 18 euroren truke eskura daiteke Bertsolari Aldizkariaren webgunean, Elkar dendetan eta beste hainbat liburu dendetan. Bertsolari Aldizkariak kaleratu du komiki hau eta aurrez baditu beste bi ere argitaratuak: Patxi Gallego eta Xabi Payak sinatutako Nork eta Nori eta Adur Larreak eta Mikel Begoñaren Arditutakoak.