Bide Ertzean: “Gerra bezain latza izan zen gerra-ostea”

Bide Ertzean: “Gerra bezain latza izan zen gerra-ostea” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bide-ertzean-gerra-bezain-latza-izan-zen-gerraostea/@@download/image/69p36_1.jpg
2006/12/01
elkarrizketa
Gaztezulo
Bide Ertzean: “Gerra bezain latza izan zen gerra-ostea”
Hamairu kantu 36ko gerrari. Hamairu kantu, isilpeko sufrimenduari. Horixe da "Non dira", Bide Ertzean taldearen seigarren diskoaren funtsa. Bide Ertzean taldearen lan guztietan bezala, oraingoan ere Joni eta Imanol Ubeda anaiak izan dira proiektuaren motorra. Gu Jonirekin mintzatu gara.    

36ko gerra da "Non dira" diskoaren ardatza. Zer dela eta erabaki zenuten diskoa gai horrekin lotzea?
Duela bi urte, gurasoen etxean ginela, Aranzadi elkartearen indusketa baten berri izan genuen telebistaren bitartez. Aitak esan zigun, berak ere bere aita non ote dagoen jakin nahi zuela. Ateraldi horrek jota utzi gintuen. Ordura arte, bagenekien Altsasuko aitona CNTko kide izan zela, eta 36ko gerran errepublikazaleekin bat egin zuela. Baina gerra eta gero, desagertu egin zen edo desagertu arazi egin zuten. Birraitona, ordea, UGT sindikatuko kide zen, eta Altsasun bertan atxilotua eta eraila izan zen.

Kontu haiek argitu nahiak bultzatu zituzten, beraz.  

Ezer baino lehen, gerrak gure etxean zein ondorio izan zuen argitu nahi genuen. Eta konturatu ginen gerra bezain latza izan zela gerra-ostea; bereziki, gerra galdu zutenentzat. Erbestera joan behar izan zuten gure amonak, gure aitak eta izebak. Azken hauen lekukotasunak biltzen hasi ginen duela bi urte.

Eta lekukotasun horietatik, kantuetara jauzi…

Lekukotasun horiek gure kantuak "kutsatzen" hasi ziren. Batak bestea ekarri zuela, alegia. Akaso urteurrenarengatik edo, baina liburu eta dokumental asko aurkitu ditugu 36ko gerrari buruz. "Nosotras que perdimos la paz" liburuari esker ezagutu genuen Kataluniako Les dones del 36 elkartea. "13 rosas rojas" liburuak ere hunkituta utzi gintuen, eta izen bereko kantua osatu genuen. Gerra ezagutu zutenen adierazpenak ere bildu ditugu; esaterako, Manuel Goenaga usurbildarrak errepublikazaleekin batera borrokatu zuen, eta bizi da oraindik. Goenagak gerraren gorabehera asko kontatu dizkigu, eta berak kontatutako pasarte bat kantu batean jaso dugu.

Gerra, desagertuak, familia eta antzekoak tartean direnean, beste jite bat hartzen al dute akordeek eta melodiek?

"Non dira" kantuz osaturiko diskoa da; gaur-gaurko doinuekin osatutako kantuak, gainera. Zentzu horretan, disko honekin gure premisa musikalak sendotu ditugu; gaur egun entzuten dugun musikaren eragina nabaria delako. Baina, egia da, hitzek asko baldintzatu dituztela kantuak. Blas Ugarte frontean nola hil zuten azaltzen duen kantuak badu kutsu ilun bat, dramatikoa. Egia esan, disko honetan ez da erraza hitza eta doinua bereiztea. Hitzak doinu bat eskatu du, eta, era berean, doinuak zenbaitetan hitza irudikatu digu.

Zuen familian, nola bizi izan duzue disko hau egiteko prozesua?

Ondo. Egia esan, etxeko kontuak nabariak dira hainbat abestitan. Diskoaren azalean, zeresanik ez. Baina diskoa hori baino oparoagoa da. Dena den, iruditzen zaigu korapilo bat askatu dugula etxean. Urtetan, isilean eraman den gai horretaz hitz egitea zaila izan den arren. Sufrimendua gogora ekartzea berriz sufritzea baita. Desagerturik dagoen aitonaz galde egin diegu, erail zuten birraitonaz, gerra eta geroko erbesteaz… Eta horiek gogora ekartzea ez da inorentzat gustagarri. Dena den, uste dut azkenean lagungarri egin zaiela.