Bidaiak, blogak eta sare sozialak

Bidaiak, blogak eta sare sozialak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bidaiak-blogak--eta-sare-sozialak/@@download/image/2010924976bi_neska_indu_Fernando_Rojo.jpg
2010/09/03
erreportajea
Aritz Rodriguez
Asko eta asko dira egunotan Interneten nabigatzeari utzi eta bidaia batean murgildu direnak. Batzuek deskonektatu egiten dute, baina beste batzuek sarea erabiltzen dute beren gorabeherak kontatzeko.

Internet oso tresna baliagarria da bidaia bat aldez aurretik prestatzeko, bidaiatzen ari garela informazioa eskuratzeko, baita bidaiak dirauen bitartean edo ondoren geure esperientziak beste erabiltzaile batzuekin partekatzeko ere.

Urtero-urtero, uda oporrak gerturatu ahala, hainbat blogarik erabiltzen dute beren gunea bidaia kronikak idazteko. Artikulu mardulak lantzen dituzte zenbaitek, eta beste batzuek nahiago dute Twitter edo Facebooken mezu laburrak idatzi eta bideoak nahiz argazkiak partekatu.

Aurten ere izan da sarean bere bidaiaren berri eman duen blogari euskaldunik. Ordiziako Jakintza ikastolako ikasle koadrila bat Interrailen abiatu da Europan barrena, eta De gare en gare izeneko blogean ari da bere bizipenak kontatzen. Paris, Brusela, Hannover, Amsterdam, Rotterdam...
http://www.degareengare.wordpress.com/

Sustatu.com agerkari elektronikoan ere, Goio Aranak Londresen emandako egunetan aurkitutako bitxikeriak kontatu ditu. Ingalaterrako hiriburuan egonda ere, Euskal Herria gogorarazi dioten hainbat argazki argitaratu ditu Londresen etxean bezala izenburupean: http://sustatu.com/1281357115

Zuzeu.com albistarian, berriz, Fernando Rojo argazkilaria ari da bere kronikak eta  argazkiak argitaratzen. Ijitoen jatorrizko herritik, Rajastandik, idatzi du hain zuzen ere: http://zuzeu.com/author/fer/

Argia astekariak ere bidaia blog baten berri eman du egunotan. Aitor Agirrezabalagak Galsgowtik Bucarestera hegazkinez nahiz autostopean egingo duen bidea kontatuko du: http://www.argia.com/ glasgow-bucarest/

Sare sozialak
Zalantzarik gabe, egun beste inoiz baino gehiago, beste erabiltzaile batzuek sare sozialen bidez hedatutako iritziak baliagarriak zaizkigu helmugak, hotelak edota hegaldiak aukeratzeko garaian. Hona hainbat adibide: 

Trourist.com Euskal Herrian sortutako bidaien inguruko sare sozial bat da. Bertan, geure bizipenak partekatu eta beste erabiltzaile batzuek utzitako iritzi, trikimailu, argazki eta bideoak kontsulta ditzakegu.

Tripadvisor.es da ezagunenetako beste bat. Bidaiari profesionalek eskaintzen dituzten gomendioak jasotzeko prestatua dago, eta bisitari gehien dituena da.

Minube.com-en ere geure bloga sor dezakegu aitaren batean, eta beste bidaiari batzuekin jar gaitezke harremanetan. Gainera, berriki lehiaketa bat abiatu du argazki eta bideorik onenak saritzeko.

Iwannagothere.com webguneak, bestalde, Interneteko saririk ospetsuena –Webby delakoa– eskuratu zuen azkeneko edizioan. Besteekin gertatzen den legez, hau ere iritziak eman eta jasotzeko toki aproposa da.

Euskal Herrian mendizaletasuna oso zabaldua dago, eta uda partean asko eta asko dira mendira abiatzen direnak. Bada, Kataluniako Cuspidis.cat webgunea mendizaleentzako propio prestatutako sare soziala da.

HARRITU GAITU


Sony Playstation Move Tech izeneko teknologiarekin prestatzen ari da Wii kontsolari aurre egiteko. Pantaila baten aurrean jolasteko moduak asko aldatu dira azken urteotan eta, bideo honi erreparatuta, oraindik asko aldatuko direla dirudi: http://techland.com/2010/06/14/ exclusive-sony-playstation-move-tech-demo/

KATXONDOENA



Igaro dira hilabete batzuk Espainiako futbol selekzioak Hegoafrikan Munduko Kopa eskuratu zuenetik. Halabedi irratiak zuzenean eman zuen partidaren berri sarean, umorez jositako parodia arrakastatsua eginez: Halabedi.org

INFORMAZIO BILA


Iruña-Veleia auziak amaigabeko istorioa dirudi. Juan Martin Elexpuru idazleak gertutik jarraitzen ditu bertan gertatzen direnak bere blogean. Aztarnategiaren inguruko azken albiste, iritzi, kritika nahiz salaketen berri izateko ezinbesteko webgunea da. http://goiena. net/blogak/elexpuru