Bidaia bero-beroak

Bidaia bero-beroak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bidaia-beroberoak/@@download/image/2011238200orgas_1361549100.jpg
2011/02/04
elkarrizketa
Testua: Raul perez
11 emakumezkoren euskarazko ipuin sorta erotikoa  jasotzen du Txalaparta argitaletxeak ateratako 'Orgasmus' liburuak. 

Azken urteotan literaturaren plazara atera diren hainbat emakume Erasmus belaunaldiaren barruan sartu dituzte, euren kontakizunak maiz atzerrian kokatzen dituztelako. Erasmus programak goitizena du aspalditik, orgasmus, eta ezizen horri keinu egin diote 11 idazlek, jarri dieten etiketari trufa eginez. Bakoitzak munduko bazter batean girotu du kontakizuna. Etxetik kanpora ikastea eta beste kultur eta bizimodu bat ezagutzea dira Erasmusen helburuak, baina sexuak ere lekua badu. Dudarik ala?

1- Zer osagai behar ditu ipuin erotiko batek?

2- Liburu erotiko bat gomendatzerik bai?
3- Zerk egiten du orgasmo bat ona?
4- eta txarra?
5- Posiblea al da orgasmoak simulatzea?
6- Eta non gozatu duzu gehiago: Euskal Herrian ala hemendik kanpo?

GARAZI GOIA

'Ezezagunekin ezezagunentzat'

"Izenik gabeko hiri batean dauden izenik gabeko hiru ezezagunen istorioa kontatzen du, bakardadea, desamodioa eta beldurra bezalako gaiak ukituz".

1-
Beste ipuin guztiek bezala, irakurlea harrapatzeko gaitasuna izatea. Eta horrez gain, istorioa modu erreal eta bizi batean kontatzea, desioa edo kitzikapena fikziotik haratago eraman ditzan.

2-
Marguerite Durasen L'amant (Maitalea). Eta euskaraz sortutako lanetan, Txalapartak duen Literotura bildumako liburu asko (Krabelina beltza, Stock 13, Lehenengo aldia, etab).

3-
Une bakoitzean gauza ezberdinek (lekuak, aldarteak, pasioak, etab), baina azken finean, lortutako plazerak.

4-
Orgasmorik ez edukitzea.

5-
Simulatzeko gai denarentzat (baina ongi egindako simulazioaz ari naiz), bai!

6-
Konparaketak gorrotagarriak dira!

GARAZI ARRULA


'Beste zerbait aurkitu arteko nahia'

"Elkarrekin etxetik urrun batera bizi diren bi gazteren arteko harremanaren isla da kontakizuna. Istorio bat badago, baina bereziki saiatu naiz bi lagunen harremanean sakontzen, bataren eta bestearen izaera aurkezten eta horien arteko talkak, hutsuneak eta ahuldadeak agerian uzten".

1-
Ez dut uste osagaiak zerrendatzen asmatuko nukeenik, elementuok ipuinean txertatzen ere asmatu dudan zalantza dudalako, eta batez ere niretzat esperimentu modukoa izan delako hau, lehenengo aldia. Ez nuke nahi, beraz, inor nahasterik. Ukitu berezia jartzen saiatu naiz, eta espero on dagizuela!

2-
Duela urtebete-edo Txalapartaren Literotura sailean bertan plazaratu zen Desira plazer 68-08 liburua; berrogei urtean erotikarekin loturiko poesiaren ibilbidea erakusten du.

3-
Oraindik ez al dakizu?

4-Hori ere aise antzematen da!

5-
Tristea da, baina ez ezinezkoa. Ez al dugu guztiok inoiz ez garen zerbait garela simulatzen? Orgasmoak ezin zailago izan...

6-
Orain etxetik kanpo nago, eta, beraz, herrimina nirekin dut: Euskal Herrian. Hala ere, noan tokira noala gozatzen saiatzen naiz beti.

IRATI GOIKOETXEA


'Inurriak eta elefanteak'

"Lau hari, lau jostorratz, eta korapiloak… lau baino dezente gehiago. Lau lagunekin sare moduko bat josten saiatu naiz. Eta tartean daude mendia, Danimarka, jogurtak, inurriak, elefanteak, jolasak, umetako inozentzia, heldutasunak dakartzan beroaldiak …"


1-
Lotsagabea izan behar du, ausarta, erakargarria, gozagarria… eskerrak idazlearen masaila gorrituak ez diren orri zurian islatzen!

2-
Ipuin hau idazten hasi aurretik Txalaparta argitaletxeko Literotura saileko liburu dezente irentsi nituen. Bat aukeratzekotan… Rafa Ugalderen Relax.

3-
Ezjakintasunak.

4-
Jakiteko ezinak.   


5-
Asmoak simulazio ere badira, ezta?   

6-
Zer dago tarteko arrastoan?

IRATI ELORRIETA


'Paisaia urratuak'

"Harreman baten bi bertsio kontatzen ditu nire ipuinak, ikuspuntu erromantikoa eta hotza kontrajarriaz. Andonik eta Irisek, bikote izan gabe, bi alaba dute elkarrekin eta bakoitzak egoera hori bizitzeko oso modu diferentea du."

1-
Batzuk diote transgresioa behar duela. Ez nago ziur horrela den. Desioak egon behar du, hori bai.

2-
Haruki Murakamiren errealitate eta fantasiaren arteko munduetan bizi diren pertsonaien harremanetan erotismo asko dago.

3-
Orgasmo bat ona da barruraino heltzen denean. Baina batez ere, sentitzen denean.

4-
Orgasmoak ezin du txarra izan, benetakoa bada.

5-
Bai, posiblea da, baina sor dezakeen poztasuna ez da kalitate onenekoa...

6-
Ez dakit gozamena tokien menpe dagoen... Istorio on bat behar da gozatzeko. Non gertatzen den, ez da horren garrantzitsua.