Biciclete Rosse!

Biciclete Rosse! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/biciclete-rosse/@@download/image/Fertxu_izquierdo_95.jpg
2009/04/03
erreportajea
Fertxu Izquierdo


Hasiera batean kolonia txiki bat osatu zuten autoek gure hirietan. Oinezkoak ginen, edota txirrindulariak, eta hiria arnasten genuen arrastiri eguzkitsuetan. Baina, egunen batean, ohartu ginen autoen kolonia txiki hura inbasio handia bilakatzen ari zela. Autoek gure lurralde libreak okupatuak zituzten. Eta lurralde okupatuetan, gero eta zailagoa zen bizikletaz mugitzea. Autoen zapalkuntza zela eta, beldurtu ginen, eta gure pedalei eragiteko gogoa ezkutatu behar izan genuen. Bizikletak abandonatu genituen trasteleku ilunetan, eta karbono monoxidoa arnasten genuen arrastiri euritsuetan.

Astiro-astiro, iluntasunetik ateratzen hasi ginen eta, klandestinoki bazen ere, bizikletak hiriratzen hasi ginen, kalez kale, auzoz auzo. Lurralde okupatuak berreskuratzen hasiak ginen: bidezidorrak, espaloiak, plazak… txirrindulariez bete genituen.

Orduan iritsi zen okupatzaileen kolpea. Iruñeko udalak bizikletak espaloietatik ibiltzeko debekua ezarri zuen. Zergatik? Bizikleta autoen zapalkuntzapean ikusi nahi zutelako, eta oinezkoen eta txirrindularien arteko gerra piztu nahi zutelako.
(Bai: espaloiak ez dira bizikletaz ibiltzeko, baina autoak nagusi diren hiri batean, zer egin daiteke? Errepide guztiak autoetarako prestatuta dauden hiri batean, zer egin daiteke?)

Guk bizikletak harro altxatu, eta espaloietara atera ginen. Biciclete Rosse (Bizikleta Gorriak) erakunde urbano-gerrillaria jaioa zen. Eta gerrilla-ekintza bihurtu genuen pedalei eragindako aldi bakoitza. Hiria ulertzeko beste modu bat zabaldu genuen, eta autoen zapalkuntzaren aurrean, gure espazioak defenditu genituen. Pedalak motorren kontra. Erradioak ihes-hodien kontra. Hiria bizikleta gorriez beteriko oihana bihurtu nahi genuelako.

Eta mota guztietako ekintzak gure gain hartzen hasi ginen: bidegurutze batean Mercedes handi baten aurrean jarri, eta ateratzen ez utzi; edo auzoetako karrika estuetan autoen abiadura motelarazi, besteak beste.

Bai, gerrilla modu bat da gaur egun gure bizikletak "hiriratzea". Eragin diezaiegun gure pedalei. Ongietorriak Biciclete Rossen iraultzara.