Biak bat

Biak bat https://www.gaztezulo.eus/albisteak/biak-bat/@@download/image/20121255293maix_1360058412.jpg
2012/12/05
elkarrizketa
Biak bat
Euskal Herriko Trikiti Txapelketa nagusiko finalera heldu zen emakumez osaturiko aurreneko bikotea izan zen. Ordutik, Maixa eta Ixiarren izenak itsatsita geratu dira.

1988an ezagutu zuten elkar, trikitixa txapelketa baterako elkarrekin izena eman zutenean. Garai hartan gizonezkoen mundua zen hura, eta ezagunak egin zirenetik telefono deiak jasotzen hasi ziren batean eta bestean jo zezaten eskatuz. 90eko hamarkadan trikitixa plazetara hurbildu eta ohiko doinuetatik haratago, gazteentzako erakargarri egin zuten Gozategi, Alaitz eta Maider eta beste hainbat talderekin batera. "Gustuko genuen eta entzuten genuen musika egiten saiatu ginen, eta funtzionatu zuen. Trikitixa kalera eta hiri handietara eraman genuen".

Bikotea boskote bihurtu zen baxu, bateria eta gitarra banaren laguntzaz, eta 11 urteko ibilbidean lau disko argitaratu zituzten, bereziki ezaguna egin zen Mantalgorri (Elkar, 1997) tarteko. Gustura aritzen zirela aitortu dute, horixe zela beren ukitu goxoaren sekretua, eta funk, pop eta ska doinuak batu zituzten fandango, arin-arin eta kalejirekin.

Baina 1999an taldea desegin zuten. "Amaitzeko une egokia zela pentsatu genuen". Ez zuten beste proiekturik eskuartean, gerora berriak etorri baziren ere; hala nola, Maixak 2002an grabatutako diskoa. Jazz musikarien laguntza izan zuen orduko hartan, baina guk beti izango dugu gogoan Ixiarren alboan, biak elkarrekin.

Gaur egun...


Zertan zabiltzate orain?
Maixa:
Trikitixa eta pandero klaseak ematen ditut, tarteka emanaldiren bat ere bai, batekin edo besterekin, bikote finkorik gabe.
Ixiar:
Musika gozaleku dut, ez ogibide. Tartean sortzen da proiektutxorik eta biziki gustura ekiten diot lanari.

Nola oroitzen dituzue arrakasta urte haiek?
Oroitzapen politak ditugu, momentu gozo asko egon baitziren. Latzak ere pasa genituen, edo... egon al ziren? Gutxiago oroitzen gara horietaz. 

Eskatuko balizuete, itzuliko zinatekete?
Ufffff!!!!! Ez dakigu. A ze lana! Baina egingo bagenu gure gustuz egingo genuke, nahi dugulako, ez eskatzen digutelako. Urteak ez dira alferrik pasatzen. 

Bexamela eta pastela", "Iluntzean"… Eskatzen al dizkizuete oraindik?
Bai, batik bat trikitixa ikasten dabilen jendeak, eta  abestiak nonbait entzutean pozik jartzen gara. Batzuetan emozionatu, bestetan lotsatu... polita da sentsazioa. 

Ba al duzue bereziki gogoratzen duzuen kontzerturik, anekdotarik, unerik?
Anekdotak asko, plaza bereziak ere bai, jendearen erantzuna izugarria, eta kontzertu bereziak pila bat.