Bi urtean behin egingo dute Xabier Lete Poesia Saria

Bi urtean behin egingo dute Xabier Lete Poesia Saria https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bi-urtean-behin-egingo-dute-xabier-lete-poesia-saria/@@download/image/xabier_lete_01_1375342050.jpg
2013/08/19
berria
Bi urtean behin egingo dute Xabier Lete Poesia Saria
Xabier Lete poeta handiaren memorian, bere izena daraman Poesia Sariaren 2. edizioa martxan jarri du Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol Sailak. Aurrerantzean, bi urtez behin antolatuko dute lehiaketa, eta edizio honetako saria 2014an emango dute.


2010eko abenduan zendu zen Xabier Lete poeta eta abeslari oiartzuarra gaixotasun baten eraginez, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentuak iaz lehen aldiz antolatu zuen bere omenezko poesia saria. Euskaraz idatzitako lan berri eta jatorrizkoak saritzea du helburu, eta bi urtean behin egingo dute aurrerantzean.

Aurtengo edizioan parte hartu nahi izanez gero, lanak bidaltzeko epea urriaren 14ra bitarte izango da zabalik. Edonork parte hartu ahal izango du, eta gaia, neurria eta errimak ere libreak izango dira; lanak gutxienez 800 lerro behar ditu izan.

Amaitutakoan, bost kopia egin eta grapatuta ala behar bezala koadernatuta aurkeztu beharko dira DIN-A4 formatuan Donostiako Koldo Mitxelena liburutegian; detaile garrantzitsua da hori, emailez bidalitako lanak ez baitituzte onartuko. Halaber, orriak zenbakitzea komeni da, eta ale guztietan izenburua eta egilearen ezizena jartzea; haiekin batera, kartazal itxi batean, egilearen datuak barneratu behar dituzte.

10.000 euro
Literaturan aditua den epaimahaiak irabazlea nor den ebatziko du, eta beronen izena 2014ko otsailean jakinaraziko dute. Lan bakar bat sarituko dutenez, garaileak10.000 euro jasoko ditu, eta bere lana argitaletxe ospetsu batean argitaratzeko aukera ere izango du.