Bi neskek Baionako festetan bortxatu dituztela salatu dute

Bi neskek Baionako festetan bortxatu dituztela salatu dute https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
berria
Aurten berriro Baionako festek albiste tamalgarriak ere ekarri dituzte. Bi emakumek festetan bortxatu egin dituztela salatu dute, eta beste hiruk sexu erasoa jasan dutela. Baionako Auzitegiko prokuradoreak eman zituen datu hauek, baina ez zuen zehaztasun handirik eman.

Aurreko urteetan ere hainbat emakumek Baionako festetan sexu erasoak jasan dituztela aintzat hartuta, bideo kontrola eta kaleko jantzitako polizia ugari jarri zituen Udalak Baionako jai eremuan, baina, hala ere, gutxienez, bi bortxaketa eta hiru sexu eraso gertatu dira. Datu horiek eman ditu Baionako Auzitegiko Patrice Michel prokuradoreak
Bortxatutako emakume batek 40 urte ditu, eta abuztuaren 1ean, festak hasi ziren egun berean, bortxatu zutela salatu du. Gainera, bi gizonek bortxatu zutela agertu du. Beste biktima 25 urteko neska ladatar bat da; abuztuaren 3tik 4ra bitarteko gauean bortxatu zutela salatu du. Gazteak azaldu duenez, erasoa 00:45ak aldera izan zen Mayou zubitik gertu; Herriko Etxea eta Baiona Ttipiaren arteko zubitik gertu.
Prokuradoreak beste hiru emakumek sexu erasoak salatu dituztela esan zuen, baina inkesten zain egon behar dela esan zuen.
Azken urteetan Baionako festetan gertatu diren bortxaketa eta sexu erasoei aurre egiteko aurten segurtasun neurri bereziak hartuko zituztela iragarri zuen Baionako Udalak: hala nola, bideo kamerak ezarri dituzte jai eremuan, eta CRSak zein kaleko jantzitako poliziak nonahi ibili dira. Baina, neurri horiek ez dira nahikoak izan.

Erasoak Gasteizen eta Bilbon
Zoritxarrez, Baionako erasoak ez dira emakumeen aurkako indarkeria kasu bakarrak izan azken egunotan.
Igandean, abuztuak 5, Gasteizko udaltzainek 21 urteko gazte bat atxilotu zuten, 17 urteko bikotekidea jotzeagatik. Udaltzaingoak jakinarazi duenez, 13:30 aldera Olagibel kalean 21 urteko gazteak bi zaplasteko eman zizkion bikotekideari. Gaztea atxilotu egin zuten genero indarkeria egotzita, eta baita desobedientzia leporatuta ere, atxilotua izateko trabak jarri baitzituen. 17 urteko neskak salaketa jartzeari uko egin zion.
Larunbatean, abuztuak 4, Bilboko Langaran kalean, 30 urteko O.S.L. atxilotu zuten, bikotekideak, 27 urteko emakume batek, jarritako salaketa tarteko. Emakumearen arabera, haurdun geratu zenetik -18 hilabeteko haurra dute- irainak jasan behar izan ditu etengabe. Horrez gain, heriotza mehatxuak jasan ditu eta eraso bat martxoaren 12an.