Bi milioi eta erdi herritar kale gorrian, Pakistanen

Islamabadeko gobernuak, Pakistanek bere historiako uholde bortitzenak jasan zituenetik hamabi hilabete igarota, bi milioi eta erdi herritar oraindik ere kale gorrian daudela ezagutzera eman du berriki. NBEren arabera, berriz, bost milioi pakistandar gosete arriskuan daude eta milioi bat haur eskolatu gabe. Hondamendia gertatu zenean nazioarteko komunitateak laguntzarako prestutasuna erakutsi zuen, eta ehundaka mila herritarrek egin zuten ekarpentxoa. Urak bere onera itzuli ziren, handik gutxira geure kontzientzia mendebaldarrak ere bai, baina bistakoa da pakistandar askoren errealitatearekin ez dela gauza bera gertatu.