Bi euroko kamiseten amaiera?

Bi euroko kamiseten amaiera? Modaren industrian bi modelo antagonikoren arteko borroka behatzen ari gara azkenaldian. "Fast fashion" vs. "Slow fashion". Europar Batasunak azken honen alde egin nahi du eta 2030. urterako modaren ekonomia zirkularra bultzatzea du helburu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bi-euroko-kamiseten-amaiera/@@download/image/unnamed.jpg
2022/05/09

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Modaren industrian bi modelo antagonikoren arteko borroka behatzen ari gara azkenaldian. "Fast fashion" vs. "Slow fashion". Europar Batasunak azken honen alde egin nahi du eta 2030. urterako modaren ekonomia zirkularra bultzatzea du helburu.
Bi euroko kamiseten amaiera?

Jasangarritasuna urteko hitza da modaren industrian (ere). Belaunaldi gazteenek, ikerketek diotenaren arabera, etorkizun berdea nahi dute. Hain da horrela, Z belaunaldikoen %43ak modu aktiboan bilatzen dituela jasangarriak diren erakundeak. Aldi berean, ordea, moda azkarra abiada bizian hazten ari da. Horrenbeste ezen orain, moda ultra azkarra bezala ezagutzen baita, fast fashion kontzeptua motz utzita.

Shein edo Pretty Little Thing bezalako erakundeek Zara goi-mailako joskintzaren pare utzi dute. Shein-en estrategia argia da: prezio baxuak ahalik eta erosketa kopuru gehiena lortzeko. Chris Xu-ren erakundea 2008an sortu zen eta ordutik bere irabaziak laukoiztu ditu. Nola baina kamisetak bi eurotan eta gonak hirutan saltzen dituenean? Bada langileen lan baldintzak eta jantzien kalitatea murriztuz.

Modaren datuak beldurgarriak dira. Dakigunez urtean ekoizten diren 100.000 milioi arropa artikulutik %20 saldu gabe geratzen dira. Atacamako basamortuan dauden arropez osatutako mendiak arazoaren zati txiki bat baino ez dira. Europar Batasunean urtean 5,8 milioi tona arropa artikulu baztertzen dira. Kopuru horren gehiena Afrikara bildatzen da, baina sistemak ezin du etengabe hazten jarraitu eta hondakinak sortzen jarraitu, ez da jasangarria. 

Izan ere, modaren sektoreak kutsatu egiten du eta asko gainera. Irtenbidea ez dute soilik erakundeek edota soilik kontsumitzaileek. Guztien arteko batura da bidea. Estatuen esku-hartzea ere berebizikoa da. Ezinbestekoak dira gobernuen ekimen politikoak egoera iraultzeko. 

Baina benetan posible al da moda azkarrik gabeko etorkizun bat? Europar Batasunak baietz uste du eta plan bat du horretarako. Plan hori orain dela hilabete zirriborratu zuen eta helburua
fast fashion-a 2030. urterako modan ez egotea da. Ekonomia zirkularraren aldeko apustua egin du EBak, produktu iraunkorragoak sortuz, berrerabiliz, konponduz, birziklatuz... energetikoki eraginkorragoa bihurtuz modaren industria. Aurreikusten da hurrengo hamarkadan arropak iraupen luzekoak izango direla eta zuntz birziklatuekin, substantzia arriskutsirik gabe eta lan eskubideak eta ingurumena errespetatuz sortuko direla. 

Hau lortzeko hainbat neurri hartuko dira: kontzientziazio kanpainak, ekoizpenak hobetzeko finantziazioak, material berrien garapena, negozio berrian garapena, etiketa argiagoak... Ekoizleek gainera, ekoizpen kate guztiaren ardura izango dute, baita euren produktuak hondakinetan bilakatzen direnean ere. Soberakinak ezabatzea ere debekatuko zaie. 

Egitasmoa plan orokorrago baten barruan kokatzen da. Plan honen xedea EBean merkaturatzen diren produktuak ingurumenarekin jasangarriagoak izatea da, ekonomia zirkularrerako egokituak daudenak eta energetikoki eraginkorrak. Proiektu zabal eta konplexua da, baina beteko balitz Europa modaren etorkizunaren abangoardian kokatuko litzateke.