Bi biki dieta erabat ezberdinekin elikatu dira bi astez eta emaitza esanguratsuak eskuratu dira
Aimee eta Nancy Kingston deitzen dira eta biki berdin-berdinak dira. Esperimentu batean hartu dute parte eta honen ondorioak interesgarriak dira. Bi astetan bi dieta erabat ezberdinak eraman zituzten euren organismoei nola eragiten zieten behatu ahal izateko.
Kasu honetan genetika automatikoki baztertua geratzen da. Emaitzak Londreseko Kings Collange-eko ikertzaileek bildu dituzte.
Bi ahizpak bi astez elikagai erabat ezberdinekin elikatu dira. Aimee-k ultraprozesatuetan oinarritutako dieta burutu zuen, Nancy-k berriz, kaloria kopuru berdina jaten zuen, baina elikagai naturaletatik eskuratzen zituen.
Ultra-prozesatuetan oinarritu zen dietak Aimee-ri kiloak irabaztea eragin zion, bere profil lipidikoa okertu zuen, gantz gehiago baitzuen odolean. Nancy-k, berriz, bi astetan pisua galdu zuen dieta osasungarria jarraituta eta bere biomarkagailuek ez zuten okerrera egin.
Normalean, ultra-prozesatuetan pentsatzen dugunean, kate ezagunetako janari azkarra datorkigu burura. Alta, errealitatea oso bestelakoa da. Gure supermerkatuetan arukitu ditzakegun produktuen artean ultra-prozesatuak daude: ogia, jogurtak, hestekiak...
Aimee-k aipatutako aldaketez gain, buruko mina ere eduki zuen, baita gosea ere. Nancy-k ez zituen horrelakoak esperimentatu kaloria berdinak irentsita.
Bikiek, bi aste baino gehiagoan luzatu balute esperimentua, Aimee-k energia gutxiago izango luke, pisu gehiago eta osasun parametro okerragoak, hainbat gaixotasun garatzeko arriskuak areagotuz. Nancy-k aldiz, aurkakoa esperimentatuko luke: energia gehiago, pisu osasuntsua eta gaixotasunak garatzeko aukera gutxiago.

