'Bi arnas' torturaren inguruko dokumentala finantzatzeko kanpaina martxan da

Dokumentalaren sustatzaileek adierazi dutenez, "Torturak Euskal Herrian eragindako zauria ez da itxi. Azken bost hamarkadetan tortura eta tratu txarrak sufritu dituzten euskal herritarrak milaka zenbatu daitezke, nahiz eta, bakan batzuk baizik ez diren ofizialki aitortuak izan. Hori gutxi ez eta asko dira torturetan oinarritutako testigantzen ondorioz preso segitzen duten euskal herritarrak. Horregatik, zauria ixten laguntzeko ondar aletxo bat izan daitekeelakoan, garrantzitsua da oso torturaren kontra lehen pertsonan borrokatu duten herritar anonimo horien guztien historiak lau haizeetara zabaltzea; jakina, historia horietako bakoitzak bere berezitasun propioak ditu, errepikaezinak diren ñabardura humanoak". Dokumentala "ahalik eta gehien" zabaldu nahi dute, eta "urteetan euskal herritar askok pairatu dituzten torturak salatzeaz gain, Iratxek sufritutako guztia ezagutarazi" nahiko lukete bereziki.
Bi protagonista ditu ikus-entzunezkoak: bata, Iratxe Sorzabal Diaz irundarra, 2001. urtean torturatua, eta gaur egun Reau-ko (Frantzia) kartzelan preso dagoena; eta, bestea, Mari Nieves Diaz, Iratxeren ama eta torturaren kontrako ekintzailea. "Biek ala biek, bakoitzak bere modura, torturak eragiten duen arnas falta sufritu dute, beste hainbat sufrikariorekin batera. Lehenak, bere azalean pairatu du bizitzarekiko behin-behineko etena. Bigarrenak, berriz, bere parte izan zen alabaren gorputzean. Bi arnas ikusezin horiek ikustarazi nahi ditu historia honek, bi itolarri horiek, sufrimendu bikoitz hori. Kasu honetan, amaren ahotik eta bizipenetatik, baina alabak bere azalean sufritutakoa ardatz hartuta, eta ahal den neurrian Iratxeren ahotsa ere entzunaraziz", azaldu dute.
Hauez gain, beste lagun batzuk ere agertuko dira dokumentalean: Nekane Txapartegi asteasuarra, 1999an torturatua, Suitzan erbesteratua bizi dena; Paco Etxeberria, auzitegi-medikua eta Eusko Jaurlaritzak sustatuta Euskal Herrian izandako tortura kasuak ikertu dituen txostenaren egilea; eta Serge Portelli, Versaillesko Dei Auzitegiko magistratu ohia, abokatua eta torturaren kontrako ekintzailea.
Herritar talde bat dago dokumental honen atzean, eta "ekoizle handien babesik eta dirulaguntza publikorik ere ez dutenez", "auzolanaren eta elkartasunaren bidez" eskuratu nahi dute beharrezkoa duten babes ekonomikoa. Horretarako, crowdfunding kanpaina jarri dute martxan Itsulapikoa atarian. Dokumentala egiteko 15.000 bat euro beharko dituztela aurreikusten dute, eta oraingoz 6.100 euro inguru bildu dituzte, kanpaina amaitzeko hilabete falta dela.