Betebeharretik etorriko da eskubidea

Betebeharretik etorriko da eskubidea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/betebeharretik-etorriko-da-eskubidea/@@download/image/201210307539iri_1360183903.jpg
2012/11/02
erreportajea
Mikel Urdangarin, Euskal Herrian Euskaraz
Betebeharretik etorriko da eskubidea
Azaroaren 24ean Euskararen Legeak hogeita hamar urte beteko ditu. Hogeita hamar urte, 10950 egun. Euskararen egoerak hoberantz egin badu ere, legea eratzean ezarri ziren helburuak ez dira inondik inora bete eta, agerikoa denez, bada zer hobetu euskararen normalizazio prozesuan.

Eta hizkuntza bat hiztunek bizi dutenez, euskara ez ezik, euskaldunok ere normalizatu behar dugu, euskara darabilena euskalduna dela kontutan izanik, hertsiki lotuta baikaude. Izan ere, kiosko, okindegi, arropa denda, osasun etxe zein administrazioaren ordezkaritza askotan ezin dugu oraindik euskaraz bizi, gure herrian arrotz sentitzen gara. Hizkuntza Eskubideen Behatokiak sarri plazaratzen dituen txostenak horren froga argiak ditugu.

Euskaldunok behingoan zerbitzu duina jaso dezagun, sektore publiko zein pribatuan, neurri zehatz, ausart eta eraginkorrak mahai gainean jarri behar direlakoan gaude Euskal Herrian Euskarazeko (EHE) kideok. Horretarako ezinbestekotzat jotzen dugu euskara jakin beharreko hizkuntza bilakatzea, Txillardegi maisuaren  hitzak gogora ekarriz, hizkuntza batek bere herrian beharrezko izan ezean, jai baitu.  Gure herrian gaztelera eta frantsesa jakin beharreko hizkuntzak ditugu eta euskaldunon hizkuntza, hots, euskara, aldiz, kasu gehienetan bederen, hautazkoa. Beraz, egoera diglosiko honetan jarraituz gero, argi dago euskarak jai duela. Ustezko oreka horretan desoreka nabarmena dago.

Zenbaitzuek euskara inposatu nahi izatea egotziko digute. Ekar dezagun, ba, Hegoaldearen kasuan, Espainiar Konstituzioko hirugarren artikulua gogora: Espainiar Estatuan bizi den orok du gaztelania jakiteko betebeharra eta berau erabiltzeko eskubidea. Guk gauza bera aldarrikatzen dugu, hau da, euskal herritar orok jakin behar izatea euskaraz, euskaraz bizitzeko dugun eskubidea egia bihur dadin. Gaur egungo markoak ez digu baimentzen, ordea.

Honenbestez, EHEeko kideok, euskaldunon hizkuntza eskubideen defentsan, euskara jakin beharreko bilakatuko duen Euskararen Lege burujabea aldarrikatzen dugu.