Beste Durango

Beste Durango https://www.gaztezulo.eus/albisteak/beste-durango/@@download/image/2009122255plate_1362559647.jpg
2009/12/04
erreportajea
Beste Durango
Azoka bera baino askoz gehiago da Durango abendu hasieran, Landako erakustazokako lau hormetatik haratago badago-eta zer ikusi, sentitu eta gozatu Urkiola magalean. Beste Durango da, herriari zukua ateratzeko ibilbide alternatiboa. Heldu eskutik, eta zatoz…

Goienkale, parranda zale
Andra Mari elizatik Santa Ana elizako enparantzarainoko xendra begiak itxita ere egin dezakete Santa Parrandaren jarraitzaile sutsuenek, Durangoko erromesaldiak ez baitu parekorik. Egunez nahiz gauez, txakolin nahiz kubata, trikitixa alaia eta rock gogorra… denetarik topa daiteke 300 metro eskasean. Arkarazo, Txantonesa eta Bikandi tabernetako pintxoak paregabeak dira, Alpinon eta Anboton poteo giro jatorra izaten da, eta Guretoki nahiz Gurekabiya aproposak dira musika ona entzuteko. Goienkalen barrena azken txanpan, Herriko taberna eta Ttipi-ttapa aurkituko ditugu, gazteenen zulo. Ez duzu ba esango aukera eskasa denik? Erne ibili, ohikoa izaten da-eta azokan erositakoa edozein tabernatako pertxerotan zintzilik ahaztea. 

Euskal Denda, euskal artisautzaren erakusleiho
Arbaso Durangoko artisau elkarteak antolatuta, sektoreak erreferentziazko eta ezinbesteko hitzordua du Durangon: Euskal Denda artisau azoka, hamalaugarrenez aurten. Euskal Herri osotik hurbildutako 65 bat eskulangilek tentuz eta mimoz landuriko beira, zeramika, egur eta burdin piezak, apaingarriak, tresnak, altzariak eta bitxiak aurkeztuko dituzte Merkatu plazako postuetan. Gazta, eztia edota etxeko pastelak maite dituztenentzako baserriko produktuak ere izango dira merkatuan, ezin bestean. Berritasun nagusia: otzaragileen lehenengo Galeusca topaketa, Galiziako, Kataluniako nahiz bertako zazpi saskigileren 100 piezaz osaturiko erakusketa. Hau izango da, hain zuzen, 75 urte otarregintzan daramatzan Juan Unzueta durangarrarentzat omenaldirik onena. Jendea erakartzeko amu aproposa jarri dute aurten: 30 euroko bost txartel zotz egingo dituzte orduro, artisautzan gastatzeko.

Tailerrak:

Abenduak 4: Karamelugintza (goizez), saskigintza (arratsaldez).
Abenduak 5:  Larrugintza (arratsaldez).
Abenduak 6: Oihalgintza (goizez), papergintza (arratsaldez).
Abenduak 7: Buztingintza (goizez), esku-pilota (arratsaldez).
Abenduak 8: Saskigintza (goizez).

Gaztetxea, antikomertzialen etxea
Azoka ofizialak iraun bitartean, Sapuetxek bere X. Azoka Antikomertziala antolatuko du, gaztetxearen alboan jarritako karpan. Egun hauek eta espazio hau kulturaren merkantilizazioa salatzeko baliatzen dituzte, alternatibak proposatzeko. Kulturatik eratorritako irabaziak herri-kulturan edota borroka sozialetan inbertitu behar direla sinesten dute, eta horregatik, irabazi asmo oro arbuiatuta, antikapitalismoaren ildoko materialak izaten dira protagonista. Gai askotariko liburuak, CDak eta DVDak topa daitezke bertan, baita arropa ere; guzti-guztia arrazoizko salneurritan.  Bestalde, bigarren eskuko materialaren bila dabilenak edota elkartrukea nahiago duenak jakin dezala Sapuetxen primerako aukera duela egunotan.

Hitzaldiak:

Abenduak 6 (18:00): Okupazio mugimenduaren eraldaketa azken 25 urteotan.
Abenduak 8 (18:00): Banatzaile alternatiboak.

Kontzertuak:

Abenduak 4, 5 eta 7. 21:00etan.

Plateruena, Durangoko antzokia
Ezinbesteko geltokia Durangora hurbiltzen denarentzat. Landako gunearen alboan, 100 metro eskasera, mokadu goxoak, musika ona eta are giro hobea topatuko ditu mambo gogoa duenak. Zuetako gutxik jakingo duzue, ordea, kafe antzokia Berbaro Euskara Elkartearen ekimenez altxa zutela orain bost urte, hiltegi zaharra zegoen tokian. Durangaldean euskalgintzaren erreferentzia gune izatea nahi zuten, eta lortu dute; nork ez du, bada, Plateruenako emanaldien berri? Kontzertuek aparteko oihartzuna izaten dutela jabetuta, aspaldi honetan azoka egunetarako kartel bereziak prestatzeko ahalegina egin dute. Aurten ere bai. Han ikusiko dugu elkar.

Kontzertuak:

Abenduak 4 (22:00): Betagarri
Abenduak 5 (22:00): Des-Kontrol
Abenduak 6 (22:00): Mikel Urdangarin
Abenduak 7 (22:00): Berri Txarrak
Abenduak 8 (22:00): Jean-Michel Bedaxagar, Pil Pil, Amaia Riospeyrous eta Xalbatx.