Bertsolaritza, musika eta sagardotegia uztartzen dituen ekimena udan

Bertsolaritza, musika eta sagardotegia lotu dituzte eta udako egitaraua antolatu dute Bertsozale Elkarteak, Musika Bulegoak eta Sagardogileen Elkarteak. Gipuzkoako gazteen talentua ikusarazi eta sagardo mundua eta euskal sortzaileen ekimenak aktibatu nahi dituzte Sagardoak Elkartzen Gaitu izenpean. Bertso-saioak eta kontzertuak izango dira Gipuzkoako hainbat sagardotegitako terrazetan eta modakutxoa hartu edota afaltzeko aukera izango da.
Egitaraueko lehen ekintza uztailaren 9an egingo dute, 19:00etan, Adunako Aburuza sagardotegiko terrazan. Ane Zuazubiskar, Maialen Akizu, Ane Beloki eta Andoni Mujika arituko dira bertsotan. Uztailaren 16an ere bertso-saioa egingo dute Hernaniko Iparragirre sagardotegian, Aner Euzkitze eta Ane Labakarekin. Hurrengo egunean, berriz, Eneritz Furyaken kontzertua izango da Lasarte-Oriako Astiazaran sagardotegiko terrazan. Uztailaren 23an bertso jaialdia antolatu dute Astigarrako Astarbe sagardotegian, Eli Pagola, Maide Garmendia, Iker Ormazabal eta Asier Azpirozen eskutik. Uztaileko azken ekintza 24an egingo dute Irungo Ola sagardotegian eta bertan Sara Azurzaren kontzertua izango da.
Abuztuan ekitaldi bakarra egingo dute: Bi Zaldi taldearen kontzertua. Astigarragako Petritegi sagardotegiko terrazan izango da abuztuaren 6an, 19:00etan.
Ekitaldietarako sarrerak
Kultur jarduera guztiak iluntzeko 19:00etan izango dira, eta kanpoaldean, eguraldiak laguntzen badu behintzat. Bi bonu daude salmentan: 15 eurokoa, kontzertu edo bertso saiorako sarrera, sagardo tragoa eta pintxoa eskaintzen duena; edo 39 euroko bonua, aurreko guztia eta afaria barne.
Bi gunetan egin daitezke erreserbak: Bertso Sarrerak webgunean edo Sagardogileen Elkartearen webgunean.