Bertsolari gazteen Lizardi Sariketako kanporaketak datorren astean

Datorren asteko ostegunean eta ostiralean, hilaren 26an eta 27an, jokatuko dira Bertsolari Gazteen 45. Lizardi Sariketako bi kanporaketak Zarauzko Imanol Urbieta Musika Eskolako aretoan, 22:00etan, eta sarrerak doakoak izango dira.
Zortzi bertsolari gazte ariko dira kantuan saio bakoitzean. Ostegunekoan honako hauek arituko dira: Aitor Servier, Ekhiñe Zapiain, Kerman Diaz, Andoni Mujika, Iruri Altzerreka, Libe Goenaga, Uxue Alkorta eta Aitor Zubikarai. Ostiraleko saioan, berriz, ondoko hauek osatuko dute saioa: Sarai Robles, Txaber Altube, Urko Arregi, Maddi Aiestaran, Endika Legarra, Aissa Intxausti, Aimar Sorazu eta Julene Iturbe.
Saioetako irabazleak zuzenean igaroko dira irailaren 3an Modelo aretoan jokatuko den finalera, eta finalean kantatuko duten gainontzeko lau bertsolariak puntuazio bidez erabakiko dira. Finala ere 22:00etan hasiko da, eta sarrerak egunean bertan eskuratu ahal izango dira, hiru euroan, aretoko leihatilan.
Iaz Ane Zuazubiskar Iñarrak eskuratu zuen txapela. Arrasatearraz gain, azken edizioetan Maider Arregi, Aitor Salegi, Nahia Sasko, Unai Mendizabal, Haritz Mujika eta Ane Labaka izan dira garaile.