Bertsolari dokumentalaren trailerra zabaldu dute

Bertsolari dokumentalaren trailerra zabaldu dute https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bertsolari-dokumentalaren-trailerra-zabaldu-dute/@@download/image/20119134093Bec_final_1.jpg
2012/12/13
berria
Bertsolari dokumentalaren trailerra zabaldu dute
Zinemaldiaren Sail Ofizialean aurkeztuko da Asier Altunaren filma eta urriaren 14tik aurrera zinema aretoetan egongo da ikusgai. BECeko azken finalaren bueltan lehen aurrerapen bat ezagutu zenetik ikusmin handia sortu du proiektuak. Trailerra atera da orain. 

Bertsolaritza zinemara eramango duen lehenengo proiektua da Asier Altunarena, eta lehiaketatik kanpo bada ere Zinemaldiaren Sail Ofizialean aurkezten den euskarazko lehenengoa. Dezenteko balentria egin du, bada, zuzendari bergararrak.

Lujanbiok txapela irabazi eta Egañaren agurra suposatu zuen BECeko finalaren irudiak jasotzen ditu besteak beste dokumentalak, eta baita Jon Sarasua, Xabier Amuritza, Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña bertsolariei, Joseba Zulaika antropologoari, Asteasu Txiki Lazkao Txikiren lagunari, John Foley ikerlari estatubatuarrari eginiko elkarrizktak ere. Lan txukuna egin dutelakoan dago Altuna, Euskal Herritik kanpo asko zabalduko dela eta jendea harrituta geldituko dela bertsolaritza fenomenoarekin.

BECeko finalaren ondotik lehen aurrerapen egin zuten, eta harrituta utzi gintuzten irudien indarrek eta lanaren kalitateak. Trailerrarekin beste hainbeste gertatu zaigu. Internet bidez salgai dauden 500 sarreretariko bat lehenbailehen lortzea izango da onena!


Zinemaldian izango diren emanaldiak


Hona hemen Zinemaldian "Bertsolari" filmak izango dituen emanaldiak:

- Irailak 17, larunbata, arratsaldeko 16:00etan, Kursaaleko Auditorioan estreinaldia.

- Irailak 18, igandea, arratsaldeko 18:15etan, Antiguo Berriko 1, 2 eta 3 aretoetan.

- Irailak 19, astelehena, 12:00etan, Victoria Eugenian.

- Irailak 19, astelehena, 20:45etan, Principe 7 aretoan.

Sarrerak www.sansebastianfestival.com, edo Kutxa-ren web orriaren bitartez, www.kutxa.net, eskuratu ahal izango dira irailaren 11ko goizeko 9:00etatik aurrera.