Bertsolamintza, bertsoaren inguruko hausnarketaren plaza, martxoaren 13an hasiko da, Gasteizen

Bertsolamintza, bertsoaren inguruko hausnarketaren plaza, martxoaren 13an hasiko da, Gasteizen Martxoaren 23an izango da amaiera ekitaldia eta bertso bazkariarekin borobilduko dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bertsolamintza-bertsoaren-inguruko-hausnarketaren-plaza-martxoaren-13an-hasiko-da-gasteizen/@@download/image/bertsolamintza.jpg
2024/03/07
Martxoaren 23an izango da amaiera ekitaldia eta bertso bazkariarekin borobilduko dute.
Bertsolamintza, bertsoaren inguruko hausnarketaren plaza, martxoaren 13an hasiko da, Gasteizen

Bost urteko etenaldiaren ondoren itzuliko da Bertsolamintza: bertsolaritzaren gogoetaren plaza. Martxoaren 13an hasi eta hilaren 23an amaituko da,, Villabonan. Edizio honetako gaia "nondik eta zeri kantatzen diogu?"izango da. Hitzaldiak 18:00etan hasiko dira, Bilbokoa (17:30) eta Villabonakoa (8:45) izan ezik.

Martxoaren 13an izango da lehen hitzordua, Gasteizko Goiuri jauregian, eta Maider Arregi, Aitor Bizkarra eta Oihana Iguaran bertsolariek hartuko dute parte, Aroa Arrizubieta moderatzaile dutela. Arregik oholtzan ez dauden kolektiboei eta beraiei buruz kantatzearen inguruan egingo du gogoeta. Iguaranek eta Bizkarrak egoera sozio-ekonomikoa izango dute hizpide eta plazetan horri buruz abesten den hausnartuko dute.

Bigarren saioa martxoaren 14an izango da, Bilboko Euskararen Etxean. Jexux Mari Irazu eta Onintza Enbeita izango dira bertan, Zihara Enbeita gidari dutela. Irazuk libreko bertsogintza izango du hizketagai; bere kokapena, presentzia, aukerak eta mugak azalduko ditu. Enbeita, berriz, botere harremanez arituko da; bertsolariaren itzalak eta generoak harreman horien sorkuntzan duten garrantziaz arituko da.

Martxoaren 20ko saioa Itsasuko Sanoki gelan izango da, eta Oihana Arana, Maialen Akizu eta Ainhoa Urien bertaratuko dira. Battit Crouspeyre arituko da aurkezle lanetan. Aranak bertsolaritzaren diskurtsoez hitz egingo du: bertsolariek diskurtsorik ba ote duten, ideologikoki lerratuta ote dauden eta beste. Akizuk eta Urienek bertsolarien diskurtsoez eztabaidatuko dute; estetika eta etikaren artean, artista eta obra uztartzearen inguruan arituko dira.

Azken ekitaldia Iruñeko Laba espazioan izango da, martxoaren 21ean. Saioa Alkaiza izango da aurkezlea eta hizlariak Julio Soto, Imanol Artola, Odei Barroso, Unai Iturriaga, Sarai Robles, Aitor Salegi eta Oihane Perea izango dira. Soto eta Artola gai-jartzailearen eta gaien aukeraketaren inguruan arituko dira. Gainerakoak bertso-eskolen inguruan arituko dira, bertan ikasitakoa forma soilik den ala edukiak ere tokirik baduen eztabaidatuko dute.

Villabonako Subijana etxean itxiko dute egitaraua, martxoaren 23an. Hizlari guztiak bilduko dituzten bertan, Ainhoa Agirrezaldegi eta Aner Peritz moderatzaile dituztela. Goizetik eguerdira bitarte arituko dira hauek eta, ondoren, bazkaria egingo dute Villabonako Behar Zana elkartean. Bazkalondoren bertso saioa egingo dute Miren Artetxe eta Sustrai Colinak, Eli Pagola gai-jartzailearekin batera. Bazkarirako txartelak bertsosarrera.eus webgunean eros daitezke.